(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Urriaren 3an abiatuko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Durangon

Sei kanporaketa, hiru finalaurre eta finala jokatuko dira; finala abenduaren 18an izango da Bilbao Arenan. Saioetako sarrerak eskuratzeko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera.

Durangon abiatuko da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, urriaren 3an. Finala, berriz, Bilbon jokatuko da abenduaren 18an. Guztira sei kanporaketa, hiru finalaurre eta finala izango dira Txapelketa osatuko duten saioak.

Kanporaketa fasean Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon izango dira saioak; finalaurreak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun jokatuko dira; finala Bilbon izango da, Bilbao Arenan.

Kanporaketetan 36 bertsolarik hartuko dute parte: Udabarriko Fasetik sailkatutako 28 bertsolarik eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik. Finalaurrekoetako fasera 10 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain 2018an finalista izan ziren 8 finalistak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Sarrerak

Saioetako sarrerak eskuratzeko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera. Antolatzaileek sarrerak Internetez erosteko gomendioa luzatu nahi izan dute edukiera kontuak direla eta, arazorik ez sortzeko. Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera. “Pandemiaren eraginez ezarritako neurriak errespetatzeko eskatuko dizuegu, guztion osasunaren eta zaintzaren alde”, azpimarratu du Bertsozale elkarteak.

Zabaldu: