Urtarrilaren 26an izango da 2019ko Bertso Eguna, Barañainen

Donostiatik kanpo abiatu zuen bideari segika, berriro ere kokalekuz aldatuko da Bertso Eguna. Azkena Mungian egin zen, eta urtebete ibilian eginda Barañainera helduko da urtarrilaren 26an.

50. Bertso Eguna izango da datorren hau. Bertsozale Elkartearen arabera, egun osoko egitaraua prestatu dute eta, tartean, bazkaria eta bertso emanaldia izango dira. Horietarako txartelak eskuragai jarri dira www.bertsosarrerak.eus atarian; deskontua izango dute bai bazkideek zein gazteek arratsaldeko ekitaldirako sarreretan. Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean atonduko den karpan izango da, 15:00etan; emanaldia, ostera, auditorioan 19:00etan. Han izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatabeitia bertsolariak. Bertso eskola izango da arratsaldeko emanaldiaren haria; Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Aulki Jokoa saioko aurkezle Edurne Azkarate aritu dira prestaketa lanetan.

Goizean zehar ere izango da zer egina. 11:00etan Enkarguz emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da Alaitz ikastetxean, Lanku Kultur Zerbitzuek bideratutako Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berriaz; doakoa izango da. Eguerdian, poteoa egingo dute tabernaz taberna eta Euskal Herri osoko hamabi bertsolari arituko dira bidean kantari:  Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa. Jarraian etorriko dira bazaria eta arratsaldeko emanaldia, eta gauean ere izango da jaia nola luzatu.

Informazio gehiago, hemen.

Bertso Eskolen Egunak ere bat egingo du

Bertso Eguna urte hasieran ospatzen da eta udazken hasieran Bertso Eskolen Eguna. 2019an, ordea, biak elkarrekin ospatuko dituztela iragarri dute antolatzaileek. Hala, aipatu bezala, bertso eskola izango du gai Bertso Eguneko emanaldiak.

Bestalde, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egiteko baliatuko du hitzordua. Urtarrilaren 26an Barañainen egingo du, kultur etxean, 9:30ean.

Zabaldu: