'Quebrantos' filmaren fotograma bat.

Zazpi lanek osatuko dute Kimuak-eko katalogo berria

Kimuak-ek aurtengo film labur sorta aurkeztu du. Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Institutuak sustatzen duten programara aurkeztutako 72 filmetatik zazpi hautatu dira, horietako bi euskara hutsean.

Kimuak programak bi hamarkada baino gehiago daramatza euskal film laburrak ezagutarazteko sustapen eta banaketa lanetan. Aurten izena eman duten 72 filmetatik zazpi lan aukeratu dituzte. Urtero bezala, film labur sorta hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko da. Fikzioa, zientzia-fikzioa, animazioa eta hainbat formatutako dokumentalak jasotzen ditu 23. edizioko katalogo berriak. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, bi gaztelaniaz, bat ingelesez eta gaztelaniaz eta beste bat ingelesez. Azken batek, animaziozkoak, dialogorik gabekoak. Hauek dira aukeratu diren lanak:

Barbudos: 2013ko apirilean, AEBek ezarritako blokeoagatik ere, Bob Wood estatubatuarra Kubara itzuli zen, handik alde egin eta ia 60 urtera.

Habanan ingelesez eta gaztelaniaz filmatutako dokumental hau, Tucker Davila Woodek eta Larry Mankusok sinatu dute. Davila Wooden bigarren film laburra da Kimuak-en, 2015ean Duellum fikzioarekin parte hartu baitzuen.

Dar-dar: Paul Urkijo (1984) gasteiztarraren beldurrezko lan berriak neskato bat oinazetzen duen deabru bati heltzen dio. Udane Elosegi, Almudena Cid eta Elias Garia aktoreak dira protagonistak.

Urkijo genero fantastikoaren zale amorratua da. Errementari film luzearekin (2017) arrakasta lortu ondoren, Irati, bere bigarren filma prestatzen ari da. Bere bigarren aldia da Kimuak-en, 2011n Monsters Do Not Exist filma aukeratu zuten.

Ehiza: Hauazkena taldearen animazio berria da Ehiza. Ruth Escobar, Jugatx Astorkia, Miriam Inza, Angela Jurado, Oihana Leunda, Arrate Lopez Apellaniz, Naiara Mallabia, Uxue Reinoso, Bego Vicario eta Roberto Zabartek osatzen duten kolektiboak, 2016tik EHUn lan egin du izen desberdinekin, baina beti irakasle, ikasle eta ikasle ohien arteko elkarlana bilatuz. Kimuak-en parte hartu dute Beti bezperako koplak (2016) eta Areka (2017) filmekin.

El ruido solar: Azaldu ezin den gertaera kosmiko baten ondoren, etorkizunaren ikuspegi labur bat izan zuten pertsonei buruzko istorioen bilduma da El ruido solar. Eva Llorach, Ingrid Garcia Jonsson, Miquel Insua, Julian Genisson, Lorena Iglesias, Vito Sanz, Alejandro Morellon, Axier Raya y Vicenç Miralles dira aktoreak.

Pablo Hernando gasteiztarrak (1986) bere lehen film laburra du Kimuak-en. Nahikari Ipiñak ekoizten du, Code 7 Pictures etxearekin.

Interior taxi noche
Iban del Campok eta Silvia Reyk elkarrekin zuzendu dute film hau. Istorioa bietako baten esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta Taxicab Confessions ezkutuko kameren telebista-saio ospetsua eta New York hiria omentzen ditu. Tanya de la Cruz eta Alvaro Ogalla ditu protagonista.

Del Campok (Arrasate, 1971) nazioarteko jaialdietan aukeratuak eta sarituak izan dira film labur ugari zuzendu eta ekoiztu ditu. Bere hirugarren aldia da Kimuak-en: 2009an Dirty Martini dokumentala eta 2018an Espedizio handia zientzia-fikziozko lana izan ditu katalogoan. Rey (Lorca, 1977) film labur eta luzeen ekoizlea eta zuzendaria da. Bere azken film laburra, Wan Xia (2018), film labur dokumental onenaren Goya sarirako izendatu zuten.

Quebrantos: Kimuak-en hainbatetan parte hartu duten Maria Elorza eta Koldo Almandoz egileek, euren talentuak batu dituzte Quebrantos izeneko irrati-grafia egiteko. Interferentziak, isiluneak eta arrakalak tartekatzen dira, bi emakumek tratu txarrei buruz hitz egiten duten bitartean.

Elorza (Gasteiz, 1988) ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Pompeu Fabra Unibertsitatean eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerketan masterra dauka. Bakarka egindako lanez gain, kolektiboan ere lan ezberdinak egin ditu, Las chicas de Pasaik bikotearen barne edo Kalebegiak edo Zinergentziak bezalako proiektuen babesean. Tabakalera Arte Garaikide zentroan egiten du lana Zinea.eus atarian eta Larrotxene kutur etxean gauzatzen dituen proiektuekin bateratzen du. Gure hormek (2016, Maider Fernandezekin batera zuzendu zuen) eta Ancora lucciole (2018) dokumentalekin hartu zuen parte lehenago Kimuak-en. Almandoz (Donostia, 1973) Kazetaritzan eta Ikus-entzunezkoetan lizentziaduna da eta zinemako gradua du New York Unibertsitateko Tisch Schoolen. Kimuak-en lehen edizioan parte hartu zuen Razielen itzulerarekin (1998) eta katalogoan parte hartu zuen azken aldia 2017an izan zen, Plágan lanarekin. Bere filmografia Canneseko Semaine de la Critique, Rotterdam Film Festival, Donostia Zinemaldia, Gijon Film Fest eta Bafici bezalako jaialdietan aukeratu eta saritu dute. Egun Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea da.

Ya no duermo: Miguel (12) eta bere osaba Kechus (60) erakusten dizkigu filmak. Banpiroen pelikula bat filmatu nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko ahalegin horretan, errealitatea eta fikzioa txandakatzen dira, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harreman berezia erakusten duen jolas batean.

Marina Palacioren (Donostia, 1996) hirugarren film laburra da Ya no duermo. Elias Querejeta Zine Eskolaren Sorkuntza graduondoko lehen promozioan landu du eta Gariza Produkzioak etxeak ekoiztu du. Errealizadore gazte hau Arte Ederretan graduatu zen Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean eta hainbat diziplina artistikotan egiten du lan, bereziki zineman eta argazkigintzan. Gaur egun, bere lehen film luzea idazten ari da Noka Mentoring 2020 programaren barruan.

Kimuak-ek euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Hautatu dituzten film labur hauek nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik hasita.

Zabaldu: