(argazkia: Tabakalera)

Eskultura ardatz Tabakalerako aurtengo erakusketetan

Erakusketa-areto nagusiak hiru mostra paratuko ditu urtean zehar, eta zehaztu dutenez, “gaur egungo arte eskultorikoaren alderdi paregabeak aztertuko dituzte”.

2024ko Tabakalerako erakusketa-programak eskulturari erreparatuko dio, hainbat korronte eta joera arakatuz, bai euskal testuinguruan, bai nazioartean. Ikuspegi hori bat etorriko da Eduardo Txillida eta Nestor Basterretxea eskultoreen mendeurrenekin. “Programazio zabal baten bidez, Tabakalerak arte eskultoriko garaikidearen aberastasuna ospatzeaz gain, arte-adierazpen hori balioesteko ikuspegi eta testuinguru berriak eskaini nahi ditu”, adierazi dute arduradunek. Hala, erakusketa-areto nagusiak hiru mostra paratuko ditu urtean zehar, eta zehaztu dutenez, “gaur egungo arte eskultorikoaren alderdi paregabeak aztertuko dituzte”.

Larruak eta izurrak erakusketa, esaterako, euskal eskultura garaikidean barneratuko da, artista belaunaldi berrien nazioarteko nagusitasuna nabarmenduz. Materikoa dena, espazioa, gorputza eta mugimendua arakatuz, obrak performancera eta koreografiara hurbiltzen dira. Erakusketak Sahatsa Jauregi, June Crespo, Kimia Kamvari eta Yael Davids artisten ekoizpen berriak eta Nora Aurrekoetxea, Iman Issa eta Lucia Kochen lanak hartuko ditu barne. “Ekoizpen berriko lanak, performance eta dantza garaikideko artistek eta kolektiboek aktibatuko dituzte, Tripak kolektiboak edo Beatriz Setienek, esaterako”. Erakusketa otsailaren 24tik ekainaren 2ra egongo da zabalik.

Topalekuak erakusketari dagokionez, ekainerako programatu dute, eta Txillidak testuinguru garaikidean utzitako ondare artistikoa aztertuko du. Mostrak eskultorearen beraren eta Euskal Herriko eta nazioarteko artisten lanak barne hartuko ditu. Azken horietako batzuek ekoizpen berriak sortuko dituzte Txillida Lekurekin eta haren artxiboekin harreman estuan. Erakusketa Txillidak arteari buruz duen ikuspegi holistikoan oinarritzen da, naturarekin lotuta, eta intuizioaren alde egiten du lan-metodo gisa. Parte hartuko duten artisten artean Elena Aitzkoa, Josu Bilbao, Christian Salablanca, JUF Project, Laia Estruch, Marianna Simnett eta Sheroanawe Hakihiiwe daude.

Tabakaleraren areto nagusiaren erakusketa-programazioa Gabriel Chaile artista argentinarrari eskainitako bakarkako erakusketa batekin amaituko da, artistak Veneziako Biurtekoaren azken edizioan izandako parte hartzearekin mundu mailako ospea bereganatu zuen. “1985ean San Miguel de Tucumanen jaioa, adobez egindako formatu handiko eskultura zirraragarriengatik da ezaguna Chaile, kolonaurreko zeramikaren forma eta erabilerak, etxekoak zein erritualak, gogora ekartzen dituztenak”. Erakusketak Tabakalerarako propio sortutako ekoizpen berriak eskainiko ditu 2024ko urritik 2025eko otsailera bitartean.

Zabaldu: