(argazkia: Galtzagorri elkartea)

Haur eta gazteak euskal literaturara erakartzeko hirugarren liburu azoka egingo dute urriaren 20an eta 21ean, Saran

Ikusi Mikusi azokan ikuskizunak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileekin topaketak, Euskal Herriko argitaletxe guztien presentzia eta zuzenekoak izango dira, besteak beste.

Ikusi Mikusi, euskal haur eta literatura azoka Galtzagorri elkarteak, Sarako Mari Gorri elkarteak eta Pamiela argitaletxeak elkarlanean antolatutako egitasmoa, urriaren 20an eta 21ean izango da Saran. Azaldu dutenez, “euskarazko haur eta gazte literatura ardatz duen azoka bakarra da Ikusi Mikusi, Bidasoaz beste aldean antolatzen duguna”. Aurtengo edizioaren gaia Zure mugaz gaindiko mundua(k) da, eta antolatu dituzten tailer eta ikuskizun batean baino gehiago agertuko da.

Iaz bezala aurtengoan ere azokaren lehen eguna, urriak 20, ostirala, Eskolen Eguna izango da. Ikasleak beren ikaskideekin eta irakasleekin batera joango dira eta jolasak, sormen-tailerrak, beren lanen aurkezpenak eta idazleekin topaketak egiteko aukera izango dute, besteak beste. Liburu-azokaz gozatzeko paradaz harago, ikasle bakoitzak bere liburua eskuratu ahal izango du emango dioten bonu-sistemari esker. Berrikuntza gisa, lehen egun honetan, profesionalentzako lekua ere egongo da. Hala, egitarau oso bat antolatu dute liburuzain, irakasle eta liburuen profesional guztientzako. Azken berritasunen aurkezpenak, artistekin topaketak, Galtzagorri elkarteko lan tresnen aurkezpenak izango dira lehen egun honetan, mahai-inguru eta eztabaidak, eta baita buruz buruko topaketak ere, sortzaile eta argitaletxeen artean”.

Urriaren 21ean, larunbata, Familien Eguna izango da. Aurreko egunean bezala, bisitariek tailerrak, topaketak eta ikuskizunak izango dituzte aukeran. Nerabeentzat berariaz sortutako programazioa ere egongo da. Ekintza horiez guztiez gain, erakusketak ere izango dira azokak irauten duen bi egunetan: Eskoletan egindako lanen erakusketa.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: