(Gasteizko Udala)

Bernaola Zikloa urriaren 14tik otsailaren 3ra izango da Araban

Musika Garaikidearen Nazioarteko Zikloak 20. edizioa beteko du 13 kontzertuz osatutako kartel batekin. Zuzeneko gehienak doakoak izango dira. 

Musika Garaikidearen Nazioarteko Zikloaren XX. edizioa Araban izango da urriaren 14tik otsailaren 3ra bitartean. Guztira 13 kontzertuk osatuko dute programa; horietako gehienak Gasteizen izango dira, baina aurreko bi edizioetan egin zuten bezala, Araian eta Bilbon ere antolatu dituzte.

Hala, Ensemble Sinkro taldeak irekiko du programa, urriaren 14an, larunbata, Jesus Guridi musika kontserbatorioan eta Akusma taldeak itxiko du otsailaren 3an, kontserbatorioan bertan. Zikloan izango dira, besteak beste, Iñaki Estrada, Anthony Pateras, Katharina Gross, Maria Scaroni eta Zuriñe Benavente.

Jarduera gehienak, ohi bezala, Jesus Guridi Kontserbatorioan egingo dira, baina horietako hiru Artium Museoan, Araiako Andra Mari Aretoan eta Bilboko JC Arriaga Musika Kontserbatorioan izango dira.

Kontzertu gehienak doakoak izango dira eta sarrera librea izango dute, aretoaren edukiera bete arte.

Alfonso Garcia de la Torre konpositore, irakasle eta kultura kudeatzailearentzako omenaldia ere izango da, “haren oroimenez, eta urte hauetan guztietan Bernaolaren sortzaile eta alma materra izan den horri eskerrak emateko”, adierazi du Guillermo Lauzurika ekitaldiko zuzendariak. Fernando Martinezen De memoris, ibilbide baten esentzia izeneko argazki erakusketa ere antolatuko da. Jesus Guridi Kontserbatorioan egongo da ikusgai, zikloak iraun bitartean.

Zabaldu: