Arteak Ireki plataforma sortu dute kultur ekintzak mugatzen dituen araudi berria salatzeko

Asko dira sare sozialen bidez, Arteak Ireki plataformarekin bat egiten hasi diren sortzaile eta norbanakoak. Zuzeneko emanaldi eta ekimen, ikuskizunen… gainean, Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen dekretua inposatua dela diote eta bihar elkarretaratzea egingo dute Gasteizen, ekimena aurkeztu eta mobilizatzeko.

“Gure haserrea eta kezka Gasteizko Udaleko araudiarekin hasi bazen ere, orain are haserreago gaude, araudi berri honek EAEko Udal guztiei eragiten dielako, salbuespenik gabe”: Araudi berriarekin, taberna batek ezingo du hilean ikuskizun bat baino gehiago antolatu, urtean hamabi, gehienez. Elizetako kontzertuak ere erregulatuko dituzte, eta, adibidez, abesbatzen emanaldietan ere eragingo dutela azpimarratu dute.

Guzti honek herri, auzo eta hirietan antolatzen diren udako jaietan kontzertu bat baino gehiago egiteko aukera bertan behera uzten du. “Zer gertatuko da Amorebietako Haizeetara jaialdiekin? Zer gertatuko da Bilboko Aste Nagusiarekin?”

Murrizte honek ikuskizun eta jolas ekintzei eragiten die, eta argi utzi dute, “hau benetan larria da. Zer da ikuskizuna? Bakarlari bat? Antzezlan bat? DJ bat? Erakusketa bat ekintza rekreatibo bat da?”

Sare sozialetan zabaldutako manifestuan azaldu dutenez, “komertzio txiki, taberna eta beraien ekonomiari eta turismoari egindako erasoa da. Kontzertu hauek doan izaten dira, eta ez gara MTV. Ekosistema kulturalari eta hastapenetan dauden taldeei erasoa da. EAEko herritarrei eraso zuzena da kultura arloan eta auzo eta kaleetako bizitzan eragingo duen murrizketagatik.

Araudi berriarekin ezingo luketela “jaialdi handien garapena ulertu eszena lokala babestu gabe, zeinak bermatuko duen formatu txikiko espazioetan hasten den zirkuitu jarraitu bat. Horregatik behar dira estrategia konpartituak, halako espazioei garrantzia aitortuko zaien bitarteko eta neurriak, horien garapena bermatuz, sustatuz eta lekua eskainiz; izan ere, babes handia ematen diete herrietako eta goi mailako musika eskoletatik eta beste hainbat sormen espaziotatik sortzen diren milaka musikari eta artistei”.

Hainbat kolektibok bestalde, musikarien prekarietatearekin amaitzea aldarrikatzen dute, eta era berean, “amaitu behar dugu areto, taberna eta aforo txikiko lokalek konpartitzen duten intseguritate juridiko eta prekarietatearekin, horiek baitira hari soziokulturalaren ezinbesteko birika”.

Arteak Ireki plataforma bihar aurkeztuko dute Gasteizko Florida plazan, 11:00etan. Sumision City Blues taldeak abestia sortu du propio ekimenerako.

Zabaldu: