(argazkia: Vital Fundazioa)

Gasteizko Euskal Zinemaren Astea otsailaren 23tik martxoaren 2ra egingo da, eta 40. urtemugarekin bat eginez, berrikuntza ugari dakartza

Edizio honetatik aurrera, film luzeak baino ez dira emango, eta, publikoaren sariarekin batera, epaimahai profesional bat sortuko da, film, zuzendaritza, gidoi, interpretazio protagonista eta aktore-taldeko onena aukeratuko dituena    

Gasteizko Zinemastearen 40. urteurrena ospatzeko otsaileko asteazkenetan egiten ari den atzera begirakoaren ondoren, Vital Fundazioak Euskal Zinemaren Astea antolatu du otsailaren 23tik martxoaren 2ra bitartean. Aurtengo edizioak nobedade ugari dakartzala aurreratu dute antolatzaileek, “hasteko izena bera: Zinemastea. Iraganean izan zuen jada izen hori, eta berreskuratu dugu, zinemagintzaren sektoreari ematen diogun babesa sustatzeko”.

Bestetik, oraindik aurrera film luzeak baino ez dira proiektatuko eta jaialdiaren iraupena sei egunetik bederatzira luzatuko da, lau hamarkada hauetan lortutako arrakastari eustea helburu duten beste aldaketa batzuen artean. Estibaliz Urresolaren  20.000 erle espezie, denboraldi honetako filmik arrakastatsuena eta Pablo Bergerren Robots Dreams dira “edizio honetako izarrak” antolakuntzaren arabera. Gainera, Kepa Sojok eta Sonia Paciosek idatzitako liburu batek jaialdiaren 40 urteetako historia jasoko du.

Hala, Zinemastean hamaika film luze eskainiko dira. “Film laburrek badute beren lekua Film Laburren Gasteizko Nazioarteko Jaialdian (ICOFF), eta dokumentalek, berriz, Aste Dokumentalean”, azaldu du Fundazioak. Emanaldik Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean izango dira, 19:30ean eta emanaldi bakoitza amaitzean filmetako protagonistekin solasaldiak izango dira.

Egitaraua

Zinemastearen 40. edizio hau ostiralean, hilak 23, abiatuko da Jaione Cambra zuzendariaren O corno lanarekin.

Asteburuan saio bikoitza izango da, 17:00etan eta 19:30ean. Larunbatean, El sueño de la sultana filmaren eskutik hasiko da eta bigarren emanaldia Arantza Etxebarriaren Chinas filmarekin helduko da.

Igandeko lehen saiorako Pablo Berger bilbotarraren Robots Dreams aukeratu dute. 19:30ean, berriz, Victor Iriarteren Sobre todo de noche filma ikusteko aukera egongo da.

Astelehenean, hilak 26, 20.000 erle espezie filmaren eguna izango da. Bestalde, Victor Erice zuzendari beteranoa Zinemastera itzuliko da, asteartean, hilak 27, Cerrar los ojos filmaren eskutik.

Silvia Munte zuzendari katalanaren eta Jorge Gil Munarriz gidoilari gipuzkoarraren  Las buenas compañías filma izango da protagonista asteazkenean, hilak 28. Ondoren, ostegunean, Una vida no tan simple’ etorriko da.

Martxoaren 1ean, saio bikoitza izango da berriz ere: Itsaso Aranaren Las chicas están bien eta Alejandro Rojas eta Juan Sebastian Vasquezen Upon entry.

Amaiera-ekitaldia eta gonbidapenak

Sariei dagokienez, ikusleek film onenari ematen dioten sariaz gain, Vital Fundazioak epaimahai profesional bat sortu du eta sari hauek banatuko ditu: film, zuzendaritza, gidoi, interpretazio protagonista eta aktore-taldeko onena. Edizio honetan honako hauek osatuko dute epaimahai profesionala: Judiht Colell zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizleak, Jaume Balaguero zinema zuzendariak, Alicia Luna zinema gidoilari eta dokumentalen zuzendariak, eta Leonel Vieira portugaldar zuzendari eta ekoizleak.

Beste nobedade bat izango da sariek zuzkidura ekonomikoa izango dutela eta martxoaren 2an Europa Jauregian (20:00etan) egingo den amaiera-ekitaldian emango direla ezagutzera. Jon Plazaola eta Nerea Mazo aktoreek aurkeztuko dute ekitaldia. Bertan, hainbat belaunalditako zinemagileek hartuko dute parte bertan, hala nola Ramon Bareak, Estibaliz Urresolak, Pedro Oleak, Elena Iruretak eta Mikel Losadak, besteak beste, eta, Arabako hitzorduan bizitako esperientziak eta pasadizoak azalduko dituzte. “Orain artekoa ez bezalako ekitaldia izango da, eta entretenimenduari nahiz ikuskizunari emango diogu lehentasuna. Gorka Aginagaldek umorezko zertzelada jarriko du eta Raul Romok zuzeneko musika bere bandarekin batera. Hain desiratua den hitzordua girotuko dute, eta bertan, sariak banatzeaz gain, ezusteko asko eta hunkigarriak izango dira”.

Amaiera-ekitaldira joan nahi dutenek gonbidapena jaso beharko dute Vital Fundazioaren egoitzan, Kordoi Etxean (Aiztogile kalea 24), astelehenetik ostiralera 8:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara (ostiraletan, goizetan bakarrik). Gehienez ere lau gonbidapen jaso daitezke pertsona bakoitzeko.

Banakako sarreren prezioa 3 eurokoa izango da eta edizio osorako abonamendua 22 eurokoa. Erreserbak dagoeneko salgai daude www.fundacionvital.eus webgunean edo Vital Fundazioaren egoitzan (Kordoi Etxea, Aiztogile kalea, 24) astelehenetik ostegunera 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara eta ostiraletan goizez baino ez.

Zabaldu: