(argazkia: Hernani Zinekluba)

Hernaniarren artean zinemarekiko pasioa hedatzeko asmoz Zinekluba sortu dute

Hiru saiorekin abiatuko da Zinekluba, hilean behin elkartuz: Aftersun, Gelditasuna ekaitzean eta Paterson izango dira eskainiko dituzten hasierako hiru filmak. Emanaldiak jatorrizko bertsioan emango dira eta proiekzio bakoitzaren bukaeran, solasaldia izango da.

Hernanin udazkeneko eta neguko kultur programazioa aurkeztu dute Aitor Huizi Kultura zinegotziak, Nagore Irastortza Kultura teknikariak, Ainara Aiestaran liburuzainak eta, Gaizka Izagirre eta Andres Daniel Sainz zinemazaleek.

Oraingoan ere programazio zabala izango dela azpimarratu dute, adin-tarte guztientzako eskaintzarekin eta diziplina artistiko ezberdinei tokia egingo diena. “Programazio orekatua sortzea bilatu dugu”, azaldu du Huizik.

Programazioko berrikuntza nabarmenena Hernani Zinekluba izango da. Gaizka Izagirrek eta Andres Daniel Sainzek sortu dute egitasmoa. “Xedea hernaniarron artean zinemarekiko pasioa hedatzea da, kalitatezko filmak eskainiz”, azaldu dute.

Hiru saiorekin abiatuko da Hernaniko zinekluba, hilean behin elkartuz: Aftersun, Gelditasuna ekaitzean eta Paterson izango dira eskainiko dituzten hasierako hiru filmak. Emanaldiak jatorrizko bertsioan emango dira eta proiekzio bakoitzaren bukaeran, solasaldia izango da. “Kalitatea eta interesa izango dira ardatz nagusiak, eta gutxienez erdiak euskaraz edo euskaraz azpidatziak eta gutxienez erdiak emakumeek zuzendutako filmak” izango direla aurreratu du Izagirrek.

Zineklubaz gain, Hernaniko Antzerki Zikloa antolatu dute azaroaren 28, 29 eta abenduaren 1erako. Hernanikomik-ek ere bigarren edizioa izango du azaroaren 17an eta 18an.

Gabon garaiko programazioa indartzeko ahalegin berezia egin dutela nabarmendu dute. Horretarako, haurrentzako bi antzerki, helduentzako Baginaren bakarrizketak umorezko emanaldia eta Willis Drummond taldearen disko berriaren aurkezpena antolatu ditu Kultura sailak.

Urriko ekintzetarako sarrerak dagoeneko salgai daude kultura.hernani.eus-en.

Egitaraua, hemen.

Zabaldu: