Edizio honetako edukiak zinebilera.eus webgunean ere egongo dira ikusgai azaroaren 20tik 28ra bitartean.
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere ohiko egitura berreskuratuko du, baina iazko esperientziaren ostean, edukiak online jarraitzeko aukera ere egongo da. Antolatzaileek adierazi dutenez, “iazko urtea ezohikoa izan zen arlo guztietan eta jaialdia online formatura aldatzera behartu zuen. Erabaki horrek aukera berriak azaleratu zituen. 44. edizio honetan zinema aretoa bete nahi dugu berriro, baina hurbildu ezin direnak ahaztu gabe, hauei zinebilera.eus webgunearen bidez edukiak eskainiz. Hori bai, jaialdiaren atal guztiez gozatu ahal izateko aukera bakarra Ikusgarri aretora hurbiltzea izango da, honek izango baitu lehentasuna”.
Bestalde, 44. edizioak aurreko urteetan landutako espazioak mantenduko ditu, bere eduki guztiak hiru ataletan banatuz: Euskarazko zinema Sortu, Euskararen zinema Partekatu eta Euskal Zinemagintzarekin Saretu.
Hala, Sortu atalean zinemaren esperimentazio eta alfabetizazioarekin lotutako ekimenak aurkituko ditugu. Alde batetik, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean egiten den Kameratoia izango da. Gazteentzako euskarazko ikus-entzunezko rally honetan izena ematen duten taldeek, ordu gutxi batzuk besterik ez dituzte izango film labur bat egiteko. Bestetik, Benito Ansola saria izango dugu, beka honen bidez euskarazko zinema indartzeko ahalegina egingo da, proiektuen lehiaketa bultzatu eta aukeratukoari finantzaketa laguntza eskainiz. Zoom atalean, Arropaineko Arragua eta Zinelab-en laguntzarekin sortutako Marangoni lantegia aurkeztuko da.
Partekatu atalean, berriz, zinemaren arlo ezberdinak elkarbanatzeko xedea duten espazioak azalduko dira. Alde batetik, aldez aurretik aukeratuak izan diren 20 lan izango dira lehiaketa osatuko dutenak. Film hauen inguruko informazio guztia zinebilera.eus webgunean dago eskuragarri. Ane Pikaza, Iratxe Fresnedak eta Izaskun Arandiak aukeratuko dituzte irabazleak. Bestalde, Euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz sortutako Euskal Zinemaren Begirada ere izango da.
Bukatzeko Saretu atalean, euskal ikus-entzunezkoen sortzaile eta erakundeekin jarriko dira harremanetan. (H)emen elkartearekin batera, euskal zinemagintzaren egoera eta ezinegonak partekatzeko solasaldia antolatuko da. Era berean, iaz estreinatutako Pantaila Irekia espazioan, ikus-entzunezko beste jaialdi eta egitasmoei leiho bat irekiko diete, aurten Animadeba jaialdia izango da gonbidatua. Bestalde, iraganetik datozen irudi eta soinuak biltzea xede duen Atzo8 izango da. Aurten Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuten lekeitiar/lagun/zinemagile taldeari eskainiko zaio atal hau. Azkenik, Hazparneko Zinegin Festibalarekin lankidetza jarraituko da, aukeratutako film baten ikustaldia eta solasaldia eginez.