Loraldia Udako Olaren hirugarren edizioa Lekeition izango da ekainaren 24tik 29ra bitartean

Udako Ola 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sormen egonaldia da. Honetan, euskal kulturaren transmisioaren inguruan lan egingo dute.

Loraldiak Udako Olaren hirugarren edizioa antolatuko du ekainaren 24tik 29ra bitartean, Lekeition. Udako Ola, Gaztea lan-ildoan jasotako programa, 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzako sormen egonaldia da. Bertan, euskal kulturaren transmisioa lantzen da.

Antolatzaileen arabera, “ekimenak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta espazio sortzaile berri bat proposatzea ditu helburu, parte-hartzaileek bide propioa garatu ahal izan dezaten”.

Gehienez hamabost pertsona biltzen dituen proiektua izango da, modu intentsibo eta esklusiboan lan egin ahal izateko, ingurune segurua eta konfiantzazkoa sortuz.

“Sei eguneko sormen-egonaldi hau esperientzian oinarritzen da, ikasteko modu gisa, eta praktikan, sormen-laborategi gisa. Horrela, parte-hartzaileek euskal kulturaren erreferenteei buruzko eskola magistralak jasotzen dituzte”, azaldu dute.

Loraldirako propio sortutako saioak izango dira, eta horietan hainbat alderdi landuko dira, hala nola hitza, soinua, irudia eta gorputz-adierazpena.

Profesionalek eskainiko dituzten saio horietan, gazteek aukera izango dute erreferente kulturalak bertatik bertara ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta beren arlo espezifikoarekin lotutako edukiak jasotzeko.

Parte-hartzaileek praktikaren bidez ikasiko dute artista ospetsu horien eskutik. Aurtengo edizioan, Ane Labakak, Leire Vargasek, Amets Arangurenek, Josu Martinezek eta Dantzaz taldeak hartuko dute parte. Aldi berean, gazteek sorkuntza propioa landuko dute egonaldian zehar eta azken eguna Lekeitioko biztanleen aurrean erakutsiko dute, Edurne Azkaratek zuzenduta.

“Lan egiteaz eta praktikatzeaz gain, Udako Olak Lekeitioz gozatzeko, elkarrekin bizitzeko eta kultur jarduerez gozatzeko gune bat ere badu”, nabarmendu dute Loraldia Elkarteko kideek. Sei egunez, gazteek Lekeitioko Trinkete Etxean izango dute aterpea.

Udako Olan izena emateko epea zabalik da jada, hemen.

Zabaldu: