(argazkia: Ibilaldia)

San Nikolas ikastolak ‘Txonbo’ lelopean antolatuko du 2024ko Ibilaldia, Algortan

2024ko Ibilaldiaren helburu nagusiak dira euskalduntasuna, euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia Getxora eramatea, herriko gizarte-eragileekin lankidetzan harremanak sendotzea, hezkuntza komunitate osoak (guraso, ikasle, irakasle, langile…) ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea, eta gaztetxo eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia antolatzea.

Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du datorren urteko Ibilaldia, maiatzaren 26an, Txonbo lelopean. Laugarren aldia izango da Bizkaiko ikastolen aldeko jaia Algortan antolatzen dela. 1978an izan zen lehena, 1984an bigarrena eta 2002an hirugarrena.

San Nikolaseko ordezkariek Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako aurkezpen ekitaldian 2024ko Ibilaldiaren helburu nagusiak zehaztu dituzte, “euskalduntasuna, euskal kultura eta ikastola ardatz dituen jaia gure udalerrira ekartzea, herriko gizarte-eragileekin lankidetzan harremanak sendotzea, hezkuntza komunitate osoak (guraso, ikasle, irakasle, langile…) ikastolarekiko duen atxikimendua areagotzea, eta gaztetxo eta nerabeen jarrera parte hartzailea eta hezitzailea bultzatuko duen jaia antolatzea”.

Logoa eta leloa

Unai Arzubiaga Ikastolako lehendakariak aukeratutako lelo eta logo berriak aurkeztu ditu, “Txonbo Uribe Kostan euskaraz sarri entzuten den berba da”, adierazi du eta Unai Elorriaga idazle eta ikastolako gurasoaren ekarpen linguistikoari aipamena egin dio, “txonbo hitzak uretan murgildu, batez ere buruz behera, adierazten du”. Arzubiagak “txonbo berba euskarazko hiztegiek jasotzen dutela argitu du eta zangada, murgil, mustada, pikanbera, pulunpe esan nahi duela zehaztu du. Lehendakariaren esanetan, txonbo askok gaztelaniaz erabiltzen duten hitza da, uste dutelako gaztelaniatik datorrela eta euskarak hizkuntza horretatik hartu duela, baina kontrakoa da, “horregatik dator ere lelo hau aukeratzearen zergatia: euskaran murgiltzea bai, baina baita euskarak egin ditzakeen ekarpen ezberdinak balioan jarrita ere”.

Amaitzeko, “logoak uretara txonbo egitean sortzen den ur zipriztina irudikatzen duela ere argitu du Arzubiagak.

Zabaldu: