(argazkia: Bilboko Udala))

Zirkualde jaialdia irailaren 21etik 23ra egingo da Bilbon

Proposamen guztiak doakoak eta publiko guztiarentzat izango dira. Aurten, gainera, jaialdiaren barruan, Dantza bertikalaren I. topaketa egingo da, dantza bertikalaren eta arnes lanaren profesional eta erdi-profesionalentzat zuzenduta.

Irailaren 21etik 23ra bitartean egingo da Zirkualde jaialdia Bilbon, antolatzaileen esanetan, “Euskal Herrian zirkuko arteei eskainitako jaialdi bakarra”. Errekalde auzoko plazan egongo da agertoki nagusia eta bertan, publiko guztientzako akrobazia, trapezio, masta txinatar, malabarak eta umorezko ikuskizunen proposamenak aurkeztuko dituzte parte hartuko duten konpainiek.

Hiru izango dira jaialdian parte hartuko duten Euskal Herriko konpainiak: La Fem Fatal, La Trapecionista KIA eta Malas Compañías Zirko Taldea eta beste bi, berriz, kanpokoak: Circ Pistolet eta Cía D’Click.

Hala. La Fem Fatal konpainiak irekiko du jaialdia ostegunean, hilak 21, AsKe izeneko ikuskizunarekin, arratsaldeko 20:00etan. Hurrengo egunean, berriz, La Trapecionista KIA Bilbora helduko da bere Artxipielago ekitaldiarekin 18:00etan eta Circ Pistolet Quizás no hay final obrarekin 19:00etan.

Jaialdiari amaiera emateko, larunbatean, beste bi ikuskizun taularatuko dira: alde batetik Malas Compañías Zirko Taldearen Zirkus ikuskizuna arratsaldeko 18:00etan eta Cía D’Clickeren Latas 19:00etan.

Aurten, gainera, jaialdiaren barruan Dantza Bertikalaren I. Topaketa egingo da, dantza bertikalaren eta arnes lanaren profesional eta erdi-profesionalentzat zuzenduta, La Glo Zirko eta Dantza Konpainiarekin elkarlanean antolatuta.

Europako hainbat herrialdetako 30 profesionalek baino gehiagok eman dute izena topaketarako, eta irailaren 19tik 21era egingo da.

Zabaldu: