Ahozkotasuna, irakurzaletasuna eta liburuekiko maitasuna sustatzea dute helburu antolatu dituzten ekimenek.
Oreretako txikientzat ere bertako Lekuona Fabrika espazio seguru eta erreferentziala izan dadin, eskaintza literario erakargarriarekin hasiko da urtea. Besteak beste, ahozkotasuna, irakurzaletasuna eta liburuekiko maitasuna sustatzen, kalitatezko denbora partekatzea ahalbidetuko duten bi ekintza jarriko dituzte martxan.
Liburu Baby Kluba izango da horietako lehena, 0 eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa. Heldu baten laguntzarekin parte hartuta, helburua izango da txikitatik literaturarekiko, musikarekiko, artearekiko eta naturarekiko interesa piztea. Gainera, euskal kultura eta munduko kultura ezberdinak sustatzen ditu ekintzak. Saioak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez izango dira, hilean behin, otsailetik ekainera. Horietako lehena otsailaren 8an izango da, 17:30ean, eta Mestiza Elkartea izango da dinamizatzailea.
Irakurketa Kluba, berriz, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat izango da. Guztira ordubeteko sei saio egingo dira, eta asmoa da haur zein helduek giro lasai batean irakurketaz gozatzea. Zentzu horretan, helduen trebatzea ere bilatzen da, kontaketa moduen inguruko azalpenak emanda, eta baliabideak helarazita. Haur literaturan aditua den Galtzagorri Elkarteko Lur Kortaren gidaritzapean, haurraren laguntzaileak ozen irakurri beharko ditu umearekin batera aukeratutako ipuinak. Saioak abesti eta hitz-joko dibertigarriekin aberastuko dira, eta euskaraz izango direnez, parte-hartzaile guztiek jakin beharko dute euskaraz hitz egiten. Gaur, urtarrilak 23, izango da lehen saioa, eta hortik aurrera, asteartero, 17:15ean elkartuko da taldea.
Ekintzetan parte hartu nahi duenak aurretik izena eman beharko du Lekuona Fabrikan presentzialki, telefonoz 943449635 zenbakira deituta, 647673451 zenbakira Whatsapp-a bidalita edo biblioteka.lekuona@errenteria.eus helbidera mezua idatzita.