(argazkia: Ikuspuntu jaialdia)

100 film inguru proiektatuko dira Nafarroako Ikuspuntu jaialdian

Hamaseigarren edizio honetan jarduerak sei egoitzatan banatuko dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Nafarroako Filmoteka, Kondestrable eta Katakrak. 

Martxoaren 14tik 19ra bitartean 100 film inguru proiektatuko dira Ikuspuntu jaialdiaren barruan programatutako emanaldietan. Horretaz gain, hitzaldiak, performanceak eta Arga ibaian barrena paseo bat egiteko aukera ere izango dira aurtengo edizioan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “guztira, 60 jarduera eta proiekzio baino gehiago antolatuko dira jaialdi osoan eta programazioa zazpi sail nagusitan banatuko da: Sail ofiziala, Atzera begiradak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Hezkuntza Programa”.

Atzerabegirakoei dagokienez, Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzkoa izango da bata, eta bestea ibaiei buruzkoa, zinemaren historian agertu izan diren elementu sozial eta natural gisa. Proiekzio, aurkezpen eta solasaldiez gain, gai horiekin lotutako gonbidatu ugari izango dira, eta eztabaidarako jarduerak antolatuko dira, hala nola mahai-inguruak, hitzaldiak eta elkarrizketak. Azken alderdi hori, hausnarketarena, zinema dokumentalaren bereizgarri den aldetik, funtsezkoa da aurten aurkeztuko dituzten bi sail berrietan: Lan, sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak ardatz izango dituena; eta Kontaktuak, jaialdiaren azken lau edizioetan zabaldutako bideari jarraituz, zinema sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzen jarraitzeko.

Horretaz gain, bi zinemagile garaikide garrantzitsu izango dira, beren filmak jaialdian aurkezteko: Sofia Bohdanowicz, Artxiboko Fikzioak fokuaren protagonista Payal Kapadia-rekin batera, eta Manuela Serra, Portugalgo O Movimento das Coisas (1985) film mitikoaren egilea; Portugalgo Zinematekak berriki zaharberritu duen kopia proiektatuko da.

Nafarroak ordezkaritza garrantzitsua izango du aurtengo programazioaren barruan, bertako ikus-entzunezkoen industriak bizi duen sasoi onaren adierazgarri. Jaialdiaren hasieran Ione Atenea zinemagile nafarraren film luze berriaren munduko estreinaldia izango da: Los caballos mueren al amanecer. Bestalde, Arantza Santestebanek 918 gau aurkeztuko du Sail Ofizialean; publikoak oso harrera ona egin dio lanari, eta Lisboako eta Turingo jaialdietan Film Onenaren Sariak irabazi ditu. Gainera, San Simón 62 filmaren munduko estreinaldia ere izango da; X Films proiektuaren azken edizioko garailea izan zen, eta urte osoan Nafarroan barrena ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri filma grabatzen. Nafarroako ibaiak ere presente egongo dira Topaketa ibaian atzerabegirakoan, Miriam Martin zinemagile eta programatzaileak proposatuta. Martxoaren 18an, berriz, bi ordu inguru iraungo duen paseo bat egingo da ibaian barrena: Arga, sorgindua; Santa Engrazia zubitik abiatuko da eta edonork hartu dezake parte, aldez aurretik izena eman gabe edo jaialdira joan behar izan gabe. Azkenik, Nafarroako ordezkaritza izango da Lan sail berrian ere: Paisaiaren bi saioak eta Zinema Zubiak topaketa bilduko ditu, azken hori Napardocs proiektuan bat egin duten ekoizle nafarren eskutik.

Sarrerak salgai daude jada

Webgunearen bitartez eskuratu ahal izango dira. Sarreren prezioa 3 eurokoa izango da saio bakoitzeko, salbuespen batekin: martxoaren 19an, Oteiza Museoan izango den programa bikoitzak 8 euroko prezioa izango du.

Zabaldu: