Iazko sari banaketa (argazkia: Musika Bulegoa)

107 proposamen 2021eko Musika Bulegoa Sarietarako

Maiatzaren 19an banatuko dira hamar sariak Biarritzeko Atabal aretoan.

Abian da Musika Bulegoa Sarien bosgarren edizioa. Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen arabera, “oso urte zaila izan da euskal musikaren sektorearentzat, COVID-19ak sortutako pandemiak gogor jo baitu”. Hala ere, edizio berri honek “baikortasuna zabaldu, eta gauzak erraz jarri ez dizkien 2020an artista, talde edo musika proiektuek egindako lana balorean jarri nahi izan du”.

Elkarteak 107 proposamen jaso ditu, maiatzaren 19an Biarritzeko Atabal aretoan banatuko diren hamar sarietarako. “Zalantzarik gabe, denak oso desberdinak dira elkarren artean, kalitate handikoak, eta musika eremu zabala hartzen dute”, azaldu dute. % 43 inguru pop-rock estilokoak dira, % 27 musika klasiko garaikidekoak, % 23k folkekoak eta % 7k jazzekoak. “Gehienek disko osoak aurkeztu dituzte, baina beste profesional batzuek lan bakar bat proposatu dute, kasu askotan konfinamendu betean gauzatutako lana, hain zuzen ere”, azpimarratu dute.

Proposamen guztiak, baina, ez dira diskoak edo abestiak izan. Zenbaitek, idatzizko lanak, partiturak, ikus-entzunezko proiektuak edota musika ekoizpen interaktiboak aurkeztea erabaki dute. “Azken batean, euskal musikaren sektoreak gaur egun egiten duen lan handiaren erakusgarri zabala da”.

Hizkuntzari dagokionez, aurreko edizioetan bezala, euskaraz egindako lanak dira nagusi, baina gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egindako proiektuak ere jaso dira.

“Hori bai, kategoriarik eta hierarkizaziorik ez duten sariak dira hauek. Hau da, guztiek balio bera izango dute. Izan ere, egindako lana aitortzea da helburua”, adierazi du elkarteak. Helburu horrekin sortu ziren sari hauek duela bost urte. “Aurtengo edizioan, epaimahaiak ez du lan erraza izango. Adituek 107 proposamenak baloratu beharko dituzte, eta Euskal Herriko sortzaile, interprete, konpositore, bakarlari edota musika taldeen artean zortzi sari eman beharko dituzte. Saritutako artista edo musika talde hauek 2.000 euro eskuratuko dituzte eta baita Fernando Mikelarena Baserri eskultoreak egindako eskultura ere.

Bederatzigarren saria Etxepare Euskal Musika Institutuarena izango da (irabazleak ere diru sari bera eta eskultura jasoko ditu), eta laugarren urtez jarraian banatuko da. Sari horrek azken hiru urteetan Euskal Herriko sortzaile, interprete (bakarlari zein talde) edo konpositore batek euskal musika nazioartean hedatzeko arloan egindako lana aintzatetsi nahi du.

Azkenik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko zuzendaritza batzordeak ohorezko saria emango dio Euskal Herriko musika jarduerarekin zerikusia duen pertsona edo erakunde bati, prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean edo ekoizpenean proiektu aipagarri bat gauzatzeagatik. Sari horrek ez du diru ordainsaririk izango.

Zabaldu: