Nize taldea

12 talde eta bakarlari gaztek Villa Sound Bilbao jaialdian parte hartuko dute

Jaialdiaren helburua da 16 eta 30 urte arteko gazteen sorkuntza-lanak bultzatzea eta sustatzea, eta musika arloko askotariko eta egungo proposamenak jendeari eskaintzea.

Villa Sound Bilbao musika-jaialdiko epaimahaiak hamabi talde eta bakarlari aukeratu ditu bere lehen edizioan parte hartzeko. Jaialdiaren helburua 16 eta 30 urte bitarteko gazteen sorkuntza-lanak bultzatu eta sustatzea da, eta, honekin batera, musika arloko askotariko eta egungo proposamenak jendeari eskaintzea.

Izena eman duten 106 talde eta bakarlarietatik, epaimahaiak Bizkaiko zortzi talde, Gipuzkoako hiru eta Nafarroako bat aukeratu ditu.

Hauek dira aukeratu dituzten talde eta bakarlariak: Suave (Bizkaia); NUN (Bizkaia), Nize (Bizkaia), Martin de Marte (Gipuzkoa), Monday Potions (Bizkaia), Silitia (Bizkaia), Full Cab (Bizkaia), Blanquita Carraquela (Gipuzkoa), Olaia (Bizkaia), A1 Goldie (Nafarroa), Mona Rora (Bizkaia) eta Ramona’s First Evil Boyfriend (Gipuzkoa)

Talde horiek osatzen dituzten 26 pertsonetatik hiru emakumeak dira (% 11,5),lau ez binarioak (% 15,4), eta gainerako hemeretziak (% 73) gizonak. Abestietako hizkuntzei dagokienez, ingelesa da nagusi (% 75), gero gaztelania (% 58) eta azkenik euskara (% 50). Partaideen batez besteko adina 24,5 urtekoa da, izena eman duten talde guztien batezbestekoa baino urte bat gutxiago. Antolatzaileen arabera, “horrek argi erakusten du Jaialdiak bertoko musikari gazteen apustua egiten duela”.

Egitaraua

2021eko apirilean, Villa Sound Bilbao jaialdiaren testuinguruan, Bilborocken lau kontzertu egingo dira, hamabi bakarlari eta talde gazterekin. Kontzertu bakoitzean haietako hiruk joko dute, talde gonbidatu batekin. Kontzertuak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Bilborocken kontzertuen ondoren, sei talde edo bakarlari VSB Mentoring prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukeratuko dituzte. Laguntza-programa hori maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharrizanetara egokituko da. VSB Mentoring programak talde eta bakarlariak sustatu eta bultzatu nahi ditu, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, euren jarduera profesionalizatzen laguntzeko.

Profesionalek emango dute prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

Hala, 2021eko maiatzean, Bilboko jaialdiaren esparruan, hainbat kontzertu programatuko dira hiriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoraman gora egiten ari diren hamar taldek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin. Musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu taldeak. Profesionalen taldeak programa bat osatuko du, une horretan nabarmentzen ari diren proposamen musikal askotarikoak eta heterogeneoak eta sortzen ari direnak bateratuko dituena, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dena.

Programa VSB Tourrarekin amaituko da, 2021ean. VSB Mentoring prestakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Estatu espainiarreko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da eta 2021eko azken hiruhilekoan gauzatuko da. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.

Jaialdiaren barruan VSB Talk jardunaldi ireki eta doakoa egingo da, martxoaren 17an, Bilborock-en. Bertan, profesionalek musikaren sektorean gazteentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dituzte. Musikaren etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean izenburupean, zenbait gai jorratuko dira: zuzendarien garrantzia, musikaren negozioa, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuekin ordezkatzeko aukera eta sektoreak dituen erronkak.

Informazio guztia VillaSoundBilbao webgunean jarri dute eskuragarri.

Zabaldu: