(argazkia: Zornotzako Udala)

13 musikari gazte elkartuko dira bihar, Zornotzako MusikagazFest jaialdian

Sueder, Hondora, Etxepe, DJ Rednal, Uxue Kerejeta eta Jonkass izango dira jaialdian parte hartuko duten artistetako batzuk. Ekimenak euskal musikaren esparruan gazteen talentua sustatu eta ikusaraztea ditu helburu.

Bihar, urtarrilak 31, musikari gazteak izango dira protagonista Zornotzan, MusikagazFest jaialdian. Laugarren edizio honetan ere haien lana bultzatu, ikusgarritasuna eman eta gazteentzako kalitatezko aisialdi kulturala eskaintzea izango dira helburuak. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dute, herriko hainbat espaziotan banatutako kontzertu eta hainbat DJ saiorekin.

Ainhoa Salterain alkateak adierazi duenez, “jaialdi honek gure gazteei musika sortzeko, partekatzeko eta euskaraz adierazteko espazio bat eskaintzen die, euren proiektu musikalak garatzeko aukerak eskainiz eta herriko kaleak sormenaren eta kulturaren topaleku bihurtuz”.

Jaialdian parte hartuko duten hainbat talde DA! PRO topaketan hautatu zituzten. “Durangoko Azokaren jarduna azokatik harago hedatzea ere bada gure helburua, bere eragina baliatuz tokian tokiko kultur garapena sustatzeko. Horregatik, DA! PRO topaketak MusikagazFest jaialdian izango duen islagatik pozten gara”, azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko ordezkariak.

Ruth Manzano Musika Bulegoko ordezkariaren arabera, “Musika Bulegoak DA! Pro topaketaren bidez talentu berriak eta musika programatzaileak harremanetan jartzen ditu, eta MusikaGaz Festibalaren programazioan topaketa horretatik igarotako taldeak egoteak ekimen honek sortzaileen ikusgarritasuna eta euskal musikaren profesionalizazioa sustatzen dituela erakusten du”.

Egitaraua

Egitaraua 13:30ean hasiko da Arraibi plazan Silitia taldearen kontzertuarekin, eta egun osoan zehar musika emanaldiak izango dira herriko hainbat agertoki nagusitan banatuta, hala nola Andra Mari plaza, Euskal Herria plaza, Zelaieta Kontzertu Gela, Vintage taberna eta Amorebieta IV frontoia. Parte hartuko duten zornotzarren artean, DJ Rednal, DJ Isma, Javi Castaño eta Jonkass dira; azken honek itxiko du jaialdia 23:30ean. Kontzertu guztietarako sarrera doakoa izango da, edukiera bete arte.

Aurten, MusikagazFest-ek APP bat kaleratu du, bertan talde guztien deskribapena eta euren lana entzuteko aukera dago, eta gainera kontzertuen kokalekua ikusi, ordutegia jakin eta plangintza propio bat egiteko aukera ematen du. APPa eskuragarri dago:

  • Android: https://labur.eus/ylar0vzv
  • IOS: https://labur.eus/an8r5nqr
Zabaldu:

Utzi erantzuna