14 emakumek euskararen sustapenean eta normalizazioan egindako lanaren berri emateko erakusketa, Leitzan

Hemen baditun 14 erakusketa euskararen alde lan egin duten eta lan egiten ari diren emakume guztientzako omenaldia da. Hilaren 21era arte egongo da zabalik, Leitzako Herri Aretoan.

Hemen baditun 14 izenpean, erakusketak hamalau emakume biltzen ditu, XX. mendean euskararen alde hainbat esparrutan lan egin zutenak: irakaskuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntzan eta bertsolaritzan, zinemagintzan, administrazioan, merkataritzan edota euskararen beraren memoria eta testigantza iraunarazten, etxean nahiz plazan. Egindako lanagatik erakusketa honek aintzat hartzen dituen emakumeetako batzuk bizirik daude, eta baten batek euskara sustatzeko eta normalizatzeko ahaleginetan jarraitzen du oraindik ere.

Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikaela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana Maria Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman dira erakusketako hamalau emakumeak. “Omenaldi bat da beraientzat, eta beraiek bezala, euskararen alde lan egin duten eta lan egiten ari diren emakume guztientzat”. Baina, antolatzaileen arabera, erakusketa saio bat ere bada, emakumeen eta gizonen artean egoten den aldea berdintzeko, oraingo honetan, euskararen esparruan”. Izan ere, beste arlo askotan bezala, emakumeek euskararen sustapenean egindako lana gizonek egindakoa baino oharkabeagoan pasatu da.

Hemen baditun 14 erakusketa Ines Castiella irakasle eta koordinatzailearen ideia batetik abiatzen da, emakume hauen lana ezagutaraztea, hain zuzen. Castiellaren lanaren emaitza maiatzaren 21era arte bisitatu ahal izango da Leitzako Herri Aretoan.

Erakusketarekin bat eginez, asteazkenean, hilak 19, Emakume euskaltzaleak izeneko hitzaldia izango da 19:00etan, Castiellaren eskutik.

Zabaldu: