Euskarak lehen aldiz izango du tokia Madrilgo jaialdian Bernardo Atxagak diseinatutako programa batekin. Uxue Apaolaza, Fermin Etxegoien, Leire Bilbao, Juanra Madariaga, Jabier Muguruza eta Bernardo Atxaga bera izango ditu protagonista.
Madrilgo Eñe literatura jaialdia idazle, liburu eta irakurleen topagune bilakatzen da udazkenero 2009. Urtetik hona. Aurtengo edizioa azaroaren 11n hasi zen eta hilaren 27ra bitartean luzatuko da. 80tik gora jarduera egingo dira eta 150tik gora egilek hartuko dute parte. Aurten lehen aldiz, euskarazko letrek lekua izango dute bertan, Etxepare Euskal Institutuaren lankidetzari esker, katalanekin batera.
Bernardo Atxagak izan du euskal literaturari eskainitako leihoaren komisario-lanak egiteko ardura. Hiru ekitaldik osatzen dute proposamena, eta denak azaroaren 19an izango dira Madrilgo Circulo de Bellas Artes kulturgunean.
Uxue Apaolazak eta Fermin Etxegoienek emango diote hasiera, Nacho Fernandez Rocafort poeta eta saiakera-idazleak gidatuko duen elkarrizketarekin. Etxeparek azaldu duenez, “leiho guztietatik ikus daiteke bizitza, baina Apaolaza edo Etxegoienen leihoez ari garenean, ikuspegia bereziki zabala da mundu immaterialak baitan hartzen dituelako, norberaren barrenekoak”. Bien liburuak euskaraz eta gaztelaniaz irakur daitezke. Ekitaldia Circulo de Bellas Artes eraikinean kokatuta dagoen Fernando Rojas antzokian izango da, 17:30ean.
19:00etan, Bernardo Atxagak, Leire Bilbaok eta Juanra Madariagak hartuko dute lekukoa, Circulo de Bellas Artes-eko dantza aretoan egingo den errezitaldi poetikoan. “Poesiaren helburuetako bat topikoen eta lengoaia faltsuen kontra borrokatzea baldin bada, hiru autore hauek bikain betetzen dute euren zeregina, drama eta umorearen artean dabiltzan erregistroak erabiliz. Euskara dute sormen hizkuntza, baina idatzi dituzten poema asko gaztelaniaz ere eskuragai daude”.
Areto berean, 20:00etan, Atxagaren ahotsak eta Jabier Muguruzaren akordeoiak “poemarik gabeko poesian” barrena gidatuko dute entzulegoa Paradisua eta katuak emanaldian. “Zuzeneko irakurketaren aldeko apustu sendoa den ikuskizun hau gogoeta-bidai baterako gonbidapena da; mapa eskuan hartu, eta existentzia eta utopiaren meandroetan murgiltzeko gonbidapena. Musikaren eta hitzaren arteko elkarrizketa intimo honetan haurraren ahotsaren lilura eta esperientziaren begietan distira egiten duen umorea entzuten dira”, adierazi du Institutuak.