Martxoaren 13an, ostirala, izango du lehen hitzordua ekimenak Biziminak. Doluak hitzetan errezitaldiarekin.
1545 argitaletxeak Literatura Plazara ekimenaren laugarren edizioa antolatu dute martxoaren 13tik 28ra bitartean. Adierazi dutenez, “Euskara, jalgi hadi plazara argitaratu zuen Bernat Etxeparek 1545. urtean; Literatura, jalgi hadi plazara diogu guk orain, literatura arnasgune izan nahi duen Oiartzun herritik”.
Horretarako, adin guztietako literaturazaleentzat egitarau oparoa antolatu dute.
Martxoaren 13an, ostirala, izango du lehen hitzordua ekimenak Biziminak. Doluak hitzetan errezitaldiarekin. Bertan, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena eta Olatz Mitxelena idazleek, eta Idoia Hatxe, Izaro Telletxea eta Ainara Lasa herriko sortzaileek parte hartuko dute, arratsaldeko 19:00etan, Landetxen.
Hilaren 14an, larunbata, Bat eta bat, hamaika. Aukeratzea, ze zaila! solasaldia izango da Mireia Delgado eta Dorleta Kortazarren eskutik, 10:30etik 12:00etara Udalbatza aretoan.
Martxoaren 15ean, igandea, Idazketa tailerrei buruz: gidarien elkargune bat topaketa-solasaldia antolatu dute Metrokoadrokak eta 1545 argitaletxeak. Eider Perez Adeletxek gidatuko du topaketa 10:30etik 13:30era Ehuntze espazioan.
Martxoaren 18an, asteazkena, Eider Rodriguezek Dena zulo bera zen liburuaren aurkezpen-emanaldia eskainiko du Anari musikariarekin.
Martxoaren 22an, igandea, Su txikian bertso saio musikatua izango da. Bertan, Haira Aizpurua, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña ikusiko ditugu bertsotan, Alaia Martin, berriz, gaiak jartzen eta Patxi Amulet eta Bastien Marianne musikarekin. Hitzordua 18:00etan izango da Landetxen.
Aurtengo Literatura Plazarak martxoaren 28an izango du azken eguna, 12.00etan, Lera poesia errezitaldi musikatua antolatu dute Castillo Suarez idazlea, Udane Ansa ilustratzailea eta Peru Galbete musikariarekin, Udal liburutegiko kaperan.
