ZinemaldiaCat, euskal zinemaren erakusleihoa Katalunian martxoaren 14tik 17ra

ZinemaldiaCat, Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia, martxoaren 14tik 17ra egingo dute aurten. 14. edizio honetako emanaldiak Cinemes Girona aretoetan izango direla iragarri dute antolatzaileek eta bertan zuzendariekin solasaldiak, hainbat motako pelikula eta sari banaketak ere antolatu dituzte, besteak beste.Dagoeneko ezagutzera eman dituzte aurtengo jaialdian izango diren lanak. ZinemaldiaCat irekitzeko ardura fikziozko bi film luzek izango dute: dantzaren bidez bizitzaren zikloa kontatzen duen Telmo Esnalek zuzendutako Dantzak eta Khalilen, gazte deserrotu baten, bizitza zaila hizpide duen Koldo Almandozen Oreinak. Bi zuzendariak bertan izango dira euren filmak aurkezten. Baina aurreratu dutenez, aurtengoan dokumentalak izango dira sarietarako hautagaiak. Lau izango dira sari nagusia irabazteko lehian.Oier Aranzabalen Margolaria. Martxoaren 15ean, 22:00etan. Zuzendariaren aurkezpenarekin.Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketarekin abiatuko da dokumentala. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, Londresera joan beharko da opariaren bila. Bidaia aitzakiatzat hartuta, bere lanaren emaitzaz, bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barneratuko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte.

Maider Oleagaren Muga Deitzen da Pausoa. Martxoaren 16an, 18:00etan.

2011an Donostiako Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakiko bigarren pisura lekualdatu zen Oleaga, bertan Elbira Zipitriak lehen euskal eskola ireki zuen, frankismo garaian. Politikaria, hizlaria, irakaslea eta euskararen defendatzaile sutsua izan zen Zipitria.

Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen. Martxoaren 16an, 20:00etan.

Milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat. Bere bizia arriskuan jarriz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco hil zuen, ia. Lezo Urreiztietak bere bizitza harrigarria kontatzen digu, hil eta 40 urtera.

Marina Lameiroren Young & Beautiful. Martxoaren 17an, 20:00etan.

30 urteren bueltan euren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruan buruhausteak dituzten lau pertsona dira dokumental honen protagonistak. Gizarte sistema honek duen bizilegea ez dute ez onartzen, ezta ulertzen ere.

Film laburren ordezkariak, berriz, Etxepare Euskal Institutuak eta Filmategiak sustatzen duten Kimuak programaren 2018ko katalogoan bilduta dauden bost lan izango dira. Kataluniako euskal zinema jaialdian honakoak proiektatuko dituzte:  Josu Martinezen Ama, Iban del Camporen Espedizio Handia, Miguel Ángel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me despertéis eta Pello Gutierrezen Zain.

1979. urtean sortu zen Bartzelonako euskal Etxea eta orduz geroztik euskal kulturaren erreferentea da Bartzelonan zein Katalinia osoan. ZinemaldiaCat-erako sarrerako eta onformazioa hemen.

 

Zabaldu: