Maider Oleagaren 'Kuartk Valley'. Argazkia: Donostia Zinemaldia)

17 euskal ekoizpen izango dira Donostiako 69. Zinemaldian

Horien artean dira Maider Oleagaren Kuartk Valley filma, Asier Altunaren Hondalea eta Xabier Erkiziaren O Gemer filmak, besteak beste.

Hamahiru film luzek, film labur batek, telesail batek, ekoizpen-fasean dagoen film batek eta proiektu batek osatuko dute Donostiako Zinemaldiaren 69. edizioko euskal ekoizpena. Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemaren eta EITBren ekitaldietan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailean proiektatuko dituzte.

Aurtengo edizioan, Zinemira sailean fikziozko eta ez-fikziozko hamaika lan eskainiko dira eta horietatik zazpi erabateko estreinaldiak izango dira. Hala, Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko bederatzi film lehiatuko dira. Horien artean dira, besteak beste, Maider Oleagaren Kuartk Valley filma, Arabako haran bateko herri bateko jendeak lagunduta filmatutako western baten istorioa, Asier Altunaren Hondalea filma, ez-fikziozko lan honek Cristina Iglesias artistak Donostiako Santa Klara uharterako sortu duen obra du oinarrian, eta Xabier Erkiziaren O Gemer filma, Erkizia errealizadore gisa aritu da lehenengoz lan hau ontzeko, idi-gurdiek egiten duten soinu bitxian oinarritutako film esperimentala da honakoa.

Hiru lan hauekin batera, Javier Corcueraren No somos nada, Maru Soloresen Aztarnak, Iñaki Alforja eta Iban Toledoren Bolante baten historia, Iker Elorrietaren El radioaficionado, Hernan Zinen Pandemic Tour 2020 Belako eta Iciar Bollainen Maixabel lehiatuko dira.

Zinemiran baina lehiaz kanpo, berriz, Aitor Merinoren Fantasía, Igor Legarretaren Ilargi guztiak, Mireia Gabilondoren Erlauntza eta Josu Martinez eta Samara Velteren Paperezko hegoak proiektatuko dituzte.

Bestalde, Mikel Gurrearen Heltzear filma ere programazioan izango da, baina ez da Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko lehian egongo; lana Zabaltegi-Tabakaleran emango da. Film labur hau aurtengo Kimuak katalogorako ere hautatu dute. Zinemagile donostiarrak proiektuak garatzeko Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen, eta indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatuko digu oraingoan.

Gainera, euskal filmetarako bi proiektu aurtengo edizioko egitarauaren parte izango dira. Amat Vallmajoren Misión a Marte eta Marina Palacioren Y así seguirán las cosas.

Zabaldu: