(argazkia: Hatortxu Rock)

17 talde eta bakarlari igoko dira Hatortxu Rock jaialdiko oholtzara abenduaren 16an

28. edizioan Los Chikos del Maiz, Huntza, Tropa do Carallo, Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Auxili, Liher, Skabidean, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera! , Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi, Dj Reimy eta Dj Trapella talde eta bakarlariak izango dira.

 Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak 28. edizioa antolatuko du abenduaren 16an, Atarrabian. Aurtengo leloa amaiera berri baten bila izango da eta, oholtza gainean izango diren taldeak eta edizio honek dakartzan xehetasunak aurkeztu dituzte antolatzaileek.

Guztira, 17 talde eta bakarlarik egingo dute bat aurtengo jaialdiarekin: Los Chikos del Maiz, Huntza, Tropa do Carallo, Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Auxili, Liher, Skabidean, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera! , Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi, Dj Reimy eta Dj Trapella.

Talde batzuen kasuan, tarte baterako azken kontzertua izango da Hatortxu Rock jaialdikoa. Liherrek, esaterako, “etenaldi luze bat” iragarri du, eta horren aurretik egingo duten birako azken kontzertuetako bat izango da Atarrabiakoa, Nafarroan azkena. Huntzaren kasuan, Bilboko Miribillako agur kontzertuaren aurretik azkeneko kontzertua izango da Hatortxukoa eta Skabideanek ere azken aldiz joko du, datorren urteko amaieran argitaratuko duten diskoa prestatzen jarri aurretik.

24 urteko ibilbidea

24 urte pasa dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu zenetik. Ordutik, “milaka kilometro egin ditugu errepideetan, eta bidean uzi ditugu istripuak, hildakoak, Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeak, bidesariak, mapak, nabigatzaileak, zerbitzuguneak… Hala ere, milaka herritarren konpromisoa eta elkartasuna ere badira bide luze horren parte. Horri esker iritsi gara, hainbeste urte eta gero, dispertsio politika krudelaren amaieraraino. Lan nekaezin horri esker heldu gara hainbeste desiratutako amaiera horretara”, azaldu du antolakuntzak.

Orain, ordea, amaiera berri bat dute jomugan. “Erronka berriak ditugu, etxera bidean jartzeko. Horregatik egingo dugu Hatortxu Rock-en edizio berri bat, abenduaren 16an Atarrabian, euskal errepresaliatu politikoekiko eta hauen senideekiko elkartasuna biltzeko”.

Sarrerak salgai daude Hatortxu Rocken webgunean (www.hatortxurock.eus) , 25 euroren truke.

Zabaldu: