Bilboko Errekalde aretoa izango du lehen geltokia eta handik Getxora, Sestaora, Balmasedara eta Barakaldora egingo du saltoa. Aurtengo lehen saria Jon Ander Garciarentzat izan da sufi lanagatik; bigarrena, berriz, Maider Aldasororentzat shirt off nere back izeneko obrarekin.
Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da eta, Getxo, Sestao eta Balmasedako udalerrietatik igaro ondoren, Barakaldoko Udal Erakusketa Aretoan amaituko da 2024ko urtarrilaren 5ean.
Hauek izan dira aurtengo sarituak: Jon Ander Garcia sufi lanagatik (lehen saria), Maider Aldasoro Diaz shirt off nere back izeneko obrarekin (bigarren saria) eta Ibai Madariaga Sagastizabal & Miel Oyarzabal (hirugarren saria).
Aurtengo erakusketa beste hamabost artisten lanekin osatuko da: Imanol Abad Martinez & Imanol Exposito Delgado, Daniel Alegrete, Izaskun Araluzea Itza, Alejandro Gonzalez Oses, Julene Gregorio Uriarte, Leire Lacunza Miranda, Ibon Landa Amutxategi, Idoia Leache Olagüe, Claudia Rebeca Lorenzo, Julen Martin Zaballa, Lugha Mathews Bouchard, Estela Miguel, Javier Ozcoidi, Ander Sagastiberri Fernandez eta Amaia Santamaria Andres.
1983tik Ertibilen helburua Bizkaian sormen-lana egiten duten artista berriei laguntzea eta horien obrak sustatzea da. Begoña de Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendariak zehaztu duenez, “Ertibilek Bizkaiko gaitasuna, talentua, artea eta etorkizuna irudikatzen ditu. 41 edizioko ibilbidearekin, Ertibil erreferente bihurtu da arte bisualen esparruan, sortzaile gazteen espektro artistikoaren alderdi berritzaileena eta sortzaileena hartu du, eta arte garaikidea eskuragarriago egiteko aukera eman digu”.
Inaugurazio-ekitaldia gaur arratsaldeko 19,00etan egingo da Rekalde Aretoan.
Egoitza artistikoak Japonian
Ertibil Bizkaia erakusketa 2022ko edizioan saritutako artistekin batera Japoniako egoitza artistikoekin osatzen da. Horrela, bi hilabetez, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean, aurreko edizioko artista irabazleak herrialde japoniarreko espazio hauetan biziko dira: Alazne Zubizarreta Joshibi University-n, (Tokyo); Lucia Pedregal Koganecho Artist in Residence-n (Yokohama); eta Mar De Dios Paradise Air Art Space-n (Matsudo).