(argazkia: BFA)

18 artista berriren lanak jasotzen dituen Ertibil erakusketa ibiltaria aurkeztu dute Getxon

Getxoko Punta Begoñako galerietan izango du lehen geltokia eta handik Basaurira, Igorrera, Deriora eta Zornotzara egingo du saltoa. Aurtengo lehen saria Leo Burgerentzat izan da Entre murmullos y cabello lanagatik. Bigarrena, berriz, M. Benito Pirizek eskuratu Abrazo obrarekin.

Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltaria Getxoko Punta Begoñako galerietan hasiko da eta Basauri, Igorre eta Derioko udalerrietatik igaro ondoren, Zornotzako Zelaieta zentroan amaituko da abenduaren 30ean.

Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burge nabarmentzen da. Burgek lehenengo saria eskuratu du Entre murmullos y cabello lanarekin. Zortzi marrazkiko bilduma bat da, espazio multidimentsional batean marra eta zatien arteko fusioa esploratzen duena. M. Benito Pirizek bigarren saria lortu du Abrazo lanarekin, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketarekin. Lucia Jayo Altamiranok hartu du hirugarren saria, You’ ll Never Guess lanarekin. Argazki proiektu bat da, irudiak errepikatuz ikuslearen pertzepzioa desafiatzen duena.

Aurtengo erakusketa beste hamabost artisten lanekin osatuko da: Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Angela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, VIctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne Gonzalez & Eva Rayak osatutako bikotea.

Erakusketak Bizkaiko egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua islatzen ditu. Lanek —instalazioak, margolanak (olioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskultura eta argazkigintza— parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dute.

Leixuri Arrizabalaga kultura diputatuak nabarmendu duenez: “Ertibil itsasargi bat izan da arteen panoraman lau hamarkada baino gehiagoz. Erreferente bat izan da, geure arte garaikiderik berritzaileena erakusteaz gain, kultur adierazpen hori gure lurraldeko bazter guztietara hurbiltzen duena”.

Aurten, 149 eskaera jaso dituzte. Arrizabalagaren esanetan, “programak eragiten duen gogo biziaren eta interes handiaren adierazgarria” da hori. “Proposamenak teknika eta espezialitate artistiko askotakoak izan dira, eta gure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dute”.

Egonaldiak Japonian

Ertibil Bizkaia erakusketaren osagarri, egoitza artistikoak egongo dira Japonian, saritutako artistentzat. 2023ko edizioko artista irabazleak han dira orain.  Jon Ander Garcia Benitez Koganechon (Yokohama) ari da egonaldia egiten, eta Maider Aldasoro, berriz, Paradise Air-en (Matsudo).

Zabaldu:

Utzi erantzuna