Getxoko Punta Begoñako galerietan izango du lehen geltokia eta handik Deriora, Basaurira, eta Arrigorriagara egingo du saltoa. Aurtengo lehen saria Amaya Suberviolarentzat izan da ST24019 (Teklatuaren metodo laburtuak) lanagatik. Bigarrena, berriz, Gabriele Muguruzak eskuratu du Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko obrarekin.
Ertibil Bizkaia arte bisualen erakusketa ibiltaria Getxoko Punta Begoñako galerietan hasiko da eta Derio eta Basauri udalerrietatik igaro ondoren, Arrigorriagako Euskaldun Berria erakusketa aretoan amaituko da abenduaren 30ean.
Ertibil Bizkaia 2025eko sarituen artean, Amaya Suberviola nabarmentzen da. Suberviolak lehenengo saria eskuratu du ST24019 (Teklatuaren metodo laburtuak) lanarekin. Artistak irudikapen figuratiboari desafio egiten dio formaren, kolorearen, ehunduraren edo argiaren erabileraren zatiketa eta gainjartzea direla medio. Horrela, gizarte garaikidean eta aro digitalean irudiak eraikitzeari buruz hausnartzen du, baita horien euskarriei eragiten dieten arauei buruz eta edukiontzi horiek emaitzazko irudian eragiten dituzten aldaketei buruz ere.
Gabriele Muguruzak bigarren saria lortu du Alkarren atzetik jolaska dabiltza tximistazko suge obrarekin. Muguruza diziplina anitzeko artista da, eta bere lanaren ezaugarri nagusia lengoaia abstraktua erabiltzean datza, marrazkia eta hiru dimentsioak ardatz garrantzitsuak izanik bere jardunean. Lanak marrazkia, geometria eta irudien sorrera ditu ardatz nagusi.
Izaskun Araluceak hartu du hirugarren saria Peppa egitasmoarekin. Artistak artelanaren corpusa garatzen du, marrazkian oinarrituz. Koloretako arkatzez egindako konposizioak, non argiak, mugimenduak eta trazuak garrantzi berezia hartzen duten. Marrazteko prozesu edo ekintzaz interesatuta, Araluceak bere marrazkiei forma eta lekua emateko teknika garatu du. Formatu txikietan hasi eta tamaina esanguratsuagoetara hedatzen jarraitzen du, bere lengoaia propioa eta irudiak konposatzeko era albait urrunenera eramateko asmoz.
Aurtengo erakusketa beste hamabost artisten lanekin osatuko da: Leire Aranberri, Leyre Arraiza, Iratxe Barcina, Adrian Castañeda, Mariem Iman, Maider Gonzalo, Pablo Gubbins, Jorge Isla, Antton Goikoetxea, Idoia Leache, Ainhoa Lekerika, Angela Rodriguez, Beñat Krolem, Elisa Villota eta Judith Voet artisten lanekin, hain zuzen.
Erakusketak Bizkaiko egungo arte-panoramaren aniztasuna eta talentu kartsua islatzen ditu. Artelanek (olio-pintura, akrilikoa, pastela, bideoa, eskultura eta argazkigintza barne) parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dute.
Leixuri Arrizabalagak aurkezpenean azpimarratu duenez, “Artea lurralde bat ulertzeko eta unean uneko kezkak, ametsak eta ikusmoldeak adierazteko modu bat da. Horregatik da hain garrantzitsua gazte talentudunen adierazpen askatasunerako Ertibilen gisako espazioak sortzea; izan ere, ekimen honek 40 urtetik gorako tartean lortu ditu artearen bidez ateak irekitzea, bideak argitzea eta komunitatea indartzea”.
Egonaldiak Japonian
Ertibil Bizkaia erakusketaren osagarri, egoitza artistikoak egongo dira Japonian, saritutako artistentzat. Leo Burge, M. Benito Piriz eta Lucia Jayo Altamirano 2024ko edizioko artista irabazleek Koganechon (Yokohama), Joshibi Universityn (Sagamihara) eta Paradise Air-en (Matsudo) egin zituzten artistentzako egonaldiak.