Gasteizen egingo dute Korrikaren azken jaia, igandean

Gasteizeko Andre Mari Zuriaren plazan bukatuko da Korrikaren edizio honen 2.500 kilometroko ibilbidea, hilaren 14an. Arabako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua plazan. Amaiera ekitaldia bertan izango da; eta segidan, bertaratutakoei helduko zaie festarako tenorea.

Hilaren 14ko bukaera-egun handia aurkezteko egin dute prentsa-agerraldia Korrikaren arduradunek. Nabarmendu nahi izan dute Gasteiz eta Araba osoa euskararen hazkundearen ereduak direla dela; eta 16. Korrika hiri beran amaitu zela gogora ekarriz, onartu dute beraientzat “sekulako pizgarria” dela 21. edizioan berriro ere bertan amaitzea.

Amaiera ekitaldia Andre Mari Zuriaren plazako balkoian izango da. Lekukoa 12:30erako helduko dela aurreikusita dago. Momentu horretan, lekukoaren barruan doan mezu sekretuaren idazlea nor den jakingo dugu, eta noski, mezuaren beraren edukia ere.

Bestalde, azken eguneko arduradunak, Ilune Basterrak, azaldu du Gasteizeko jairako “dena prest dagoela”, eta egun osoa iraungo duela. Festa “handi bezain berritzailea” prestatu dute auzolanean, eta elkarlanean aritu den Gasteizeko antolaketa taldeak: erdigunean sakabanatuta, publiko desberdinei begirakoa, egitarauan gasteiztar eta arabarren parte hartzea lehenetsia, emakumeen parte hartzea bermatua, eta abar.

Azken jaiaren atal berezia hemen 

Informazioa: Korrika.eus atariaren bidez

Zabaldu: