Hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu dituzte.
Maiatzaren 28an, 29an eta 30ean Bilbon egingo den Ikergazte kongresuan 200 ikertzailek parte hartuko dute elkar ezagutu eta euskarazko produkzio zientifikoa sustatzeko helburuarekin. Udako Euskal Unibertsitatearen arabera, “151 artikulu zientifiko aurkeztuko dira eta ekitaldi arrakastatsua izango dela aurreikusten dugu”.
Hala, hiru egunetan zehar nazioarteko ikertzaileen hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak eta ekintza ludikoak antolatu dituzte.
Aitor Bengoetxea UEUko Zuzendariak azaldu duenez, “Ikergazte kongresuaren helburuak ikertzaile gazteei erakusleiho bat ematea, elkar ezagutzea eta euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea dira, eta edizio bakoitzean parte hartzen duten 200 ikertzaileek frogatzen dute kongresu hau gune erreferentziala bilakatu dela beraientzat. Arrakasta horren atzean dago Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta erakunde desberdinekin egiten ari garen bide oparoa”.
Bere aldetik, Ainhoa Latatu kongresuko koordinatzaileak aurreko edizioetako helburu berberekin bidea urratzen segitzeko asmoz datozela adierazi du: “Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarte mailako ikerkuntza etxean ezagutu dadila nahi dugu. Aurten ere artikulu-zientifiko kopuru altua jaso dugu, eta gainbegiratze-prozesua gainditu duten 151 lan aurkeztuko dira kongresuan: 50 ahozko aurkezpen, 74 mikroaurkezpen eta 101 poster. Ezin aurrera egin beraz, jasotako lan guztiak zintzotasunez berrikusi dituzten batzorde zientifikoko kideei zein errebisore lanetan ibili diren gure sareko ikertzaileei eskerrak eman gabe”.
Jakintza-alor bakoitzeko lanik onenari saria emango zaio kongresuaren azken egunean, Bilboko Udalaren eskutik. Era berean, sari berezi bat ere egongo da, Udalbiltzak emango duena, bere lan esparruan Euskal Herriko garapenarekin loturik dagoen ikerketa gai bat sarituz.
Ikertzaileen filiazioari dagokionez, aurreko edizioetako joera mantendu da. Jasotako komunikazioen artean Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) da maizen aipatu dena. Horiez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Bordeleko Unibertsitatea, Danimarkako Copenhagen eta Aarhuseko Unibertsitateak, Herbeheretako Radboud Unibertsitatetako lanak ere kongresuan egongo dira. Hauez gain, Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko ikerketa-zentroak eta taldeetako lanak ere izango dira. Ildo honetatik antolakuntzak aurtengo edizioan 16 ikerketa talde laguntzaile izango direla nabarmendu du.
Ibilbide luzea duten lau hizlari
Aurtengoan ikerketa-ibilbide luzea duten lau hizlari gonbidatuk parte hartuko dute kongresuan:
Olu Jenzen (Southamptongo Unibertsitatea) “Trans and gender diverse youth, backlash, creativity, community and resilience”
Arturo Elosegi (EHU) “Pentsaezina ohiko bilakatuz: ekosistemen leheneratzea”
Juan Carlos Moreno (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa) “Euskara hizkuntza zientifiko gisa”
Maia G. Vergniory (Sherbrookeko Unibertsitatea, DIPC) “Elektroiak iraultza quantikoaraen atarian”
Ikerketa ere euskaraz?. Igone Zabala
Ikerketarako metodologia feminista: erronkak eta eztabaidak. Marta Luxan
Zientzia-dibulgazioa umorearen moldean. Josu Lopez-Gazpio
Ikergazte: Euskarazko zientziaren arnasgunea globalizazioaren aroan. Iñaki Alegria