2019ko Arabako bertsolari Txapelketako 18kotea erabakita

Asteburu honetan, 2019ko Txapelketako bertsolariak definitzeko azken hiru kanporaketak jokatu dira, Bastida, Agurain eta Murgian. Honenbestez, erabakita geratu da otsailean hasiko den Arabako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duen18kotea. Bost kanporaketa  hauetatik hamahiru bertsolari sailkatuko dira txapelketara. 2017ko txapelketako bost finalistak sailkatuta daude zuzenean. Hauek dira: Oihane Perea, Manex Agirre, Xabi Igoa, Iñaki Viñaspre eta Serapio Lopez.

Bastidako kanporaketan, Eli Plazaola gai-jartzaile zutela, sei bertsolari aritu ziren eta azkenean, Rikardo Gonzalez de Duranak lortu zuen txapelketarako txartel zuzena.

Laugarren kanporaketa Agurainen burutu zen, Etxaun Otañok jarritako gaiei erantzunez aritu ziren sei bertsolariak. Peru Abarrategi, kanporaketako irabazlea, zuzenean pasako da txapelketan jokatzera.

Eta azkenik, Murgian jokatutako bosgarren eta azken kanporaketan, Aitana Iradier gai emailearen esanetara izan ziren bertsolariak. Aroa Arrizubieta izan zen kanporaketako garaile eta beraz txapelketako 18kotea zuzenean osatuko duena.

Murgiako kanporaketak itxi du sailkapena eta honenbestez erabakita geratu da 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketako 18kotea. Jarraian ageri direnak kanporaketetan sailkatutako hamahiruak dira: Andere Arriolabengoa 165 puntu (1. kanporaketako irabazlea), Irati Anda 169 puntu (2. kanporaketako irabazlea), Rikardo Gonzalez de Durana 178 puntu (3. kanporaketako irabazlea), Peru Abarrategi 179 puntu (4.kanporaketako irabazlea), Aroa Arrizubieta 177 puntu (5.kanporaketako irabazlea), Ainhoa Comas 172 puntu, Beñat Garaio 166 puntu, Aitor Ugarte 161 puntu, Felipe Zelaieta 161 puntu, Unai Anda 160 puntu, Izar Mendiguren 158 puntu, Paula Amilburu 157 puntu eta Manu Bendala 154,5 puntu

2019ko Arabako Bertsolari Txapelketa otsailaren 2an hasiko da eta finala martxoaren 1ean jokatuko da, Gasteizko Printzipal Antzokian.

Zabaldu: