2020an eta 2021ean Irudika egonaldi artistikoetan egindako obrak Gasteizen ikusgai

Pandemiaren eraginez, aurten lehen aldiz, artistek urrutitik egin dute lan, Irudikaren aurtengo irudia sortzeko balio izan duen prozesu partekatu baten bitartez.   

Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak 2020 eta 2021 urteetako egonaldi artistikoetan bildutako lanen erakusketa antolatu du Gasteizko Vital Fundazioaren aretoan. Lan hauekin batera, Uruguaiko Kultura Ministerioaren Ilustrazio Sari Nazionalaren VII. Katalogoan argitaratutako zenbait pieza ere jasotzen dira erakusketan, izan ere, Irudikak, gonbidatu gisa, lau artistaren ilustrazioak aurkeztu zituen Uruguain.

Pandemiaren eraginez ezarritako mugikortasun arauen aurrean, Irudikak Murgilketak izeneko programa diseinatu zuen iaz, Uruguaiko Kultura Ministerioarekin batera. Elkarlan horren ondorioz, Miguel Ramal artista alacantarra eta Sabrina Perez ilustratzaile uruguaitarra hautatu zituzten Irudikaren 2021eko irudia elkarrekin sortzeko.

Ramalek eta Perezek modu telematikoan egin behar izan dute lan elkarrekin, eta esperientzia hori ere jasotzen da erakusketan. Gainera, Irudikaren webguneak bi artistek elkarlanean emandako bost asteen egunerokoa jasotzen du.

2020ko egonaldia

2020ko martxoaren 14an alarma-egoera ezarri zen eta mugak itxi ziren. Garai hartan, Araiz Mesanza (ilustrazioa) eta Raquel Meyers (animazio) Angoulêmen zeuden haien egonaldi artistikoak egiten eta bien artean egiten ari zen lana eten behar izan zuten. Erakusketak lan hura ere jasotzen du.

Erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera doakoa izango da.

Zabaldu: