(argazkia: Bertsozale.eus)

2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratzea erabaki dute

Pandemiaren eraginez, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dagoela adierazi du Bertsozale elkarteak.

Egoera ohikoa balitz, datorren irailean hasi beharko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina Bertsozale elkarteak bere webgunean adierazi duenez, “ohikotik gutxi du egoerak”, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak.

Pandemiaren eraginez, bertso saio ugari bertan behera geratu dira, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Bestalde, txapelketa orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da, eta, osasun irizpideak aintzat hartuta, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago”, dio elkarteak.

Aurten aurreikusita zeuden txapelketek eman dute begitandutako zantzu horien berririk. “Udazkenean bi txapelketa genituen jokatzekoak, eta atzeratu egin ditugu biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa. Lehenean, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea eginda, hurrengo pausoa ez ematea erabaki genuen, eta, bigarrenean, txapelketa eten egin genuen, urriaren amaieran Frantziar Estatuan egoera okertu eta neurri berriak sartzearekin batera”.

Era berean, datorren urteko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak hainbat astez atzeratzea erabaki zuen Bertsozalek.

“Honenbestez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, lurralde horietan jazotakoa aintzat izaten duen Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dugu, data berririk zehaztu gabe. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu data berria”.

Zabaldu: