Bertso Jaialdi Mundiala Algortan (argazkia: Algortako Bertso Eskola)

2022ko azterketak bertso plaza pandemia aurreko egoerara itzuli dela erakutsi du

Kopuru absolututan, “izurritearen aurreko garaien pare dago egungo plaza, baina aldaketa batzuk daude bertso saio moten banaketari dagokionez. Libreko saioek, izan ere, beherakada izan dute, eta jaialdi kopuruak, aldiz, gora egin du”.

Orain arte egin izan duen bezala, Bertsozale Elkarteak 2022ko plazaren azterketa egin du aurten ere, bertsolaritzaren ekosistemari jarraipena egiteko asmoz. “Xenpelar Dokumentazio Zentroak gidatutako bilketa sistemak emandako datuei esker atera da pasa den urteko plazaren argazkia”, adierazi dute bertako kideek. Sistema horren arabera, lau saio motek osatzen dute “Bertso plaza” gisa ezagutzen dena: jaialdiak, lagun-artekoak, librekoak eta bat-bateko bereziak. Dena dela, hainbat datu biltzerako orduan, beste saio mota batzuk ere hartu dira kontuan 2022ko azterketan.

Hala, bertso plaza osatzen duten saioen kopuruei erreparatuz, “plaza Covid-19ak eragindako pandemiaren aurreko egoerara itzuli dela esan daiteke”, nabarmendu du Bertsozalek. Izan ere, 2022an zehar 1069 saio izan ziren plazan. Pandemiarik gabeko azken urtean, 2019an, 1130 izan ziren, baina kontuan hartu behar da 2022ko lehen bi hilabeteetan pandemiaren aurkako neurriak oraindik indarrean zeudela, horrek kultur emanaldiak antolatzeko zekarren zailtasunekin. Kopuru absolututan, beraz, “izurritearen aurreko garaien pare dago egungo plaza, baina aldaketa batzuk daude bertso saio moten banaketari dagokionez. Libreko saioek, izan ere, beherakada izan dute, eta jaialdi kopuruak, aldiz, gora egin du”.

Kopuru orokorretan eta motaka aztertzeaz gain, Elkartearen hiru zeharlerroen (generoa, belaunaldiartekotasuna eta lurraldetasuna) arabera ere aztertu du ikerketak plazaren egoera. “Generoari dagokionez, azken hamarkadan argazkia irauli dela esan daiteke: 2010ean %20koa zen emakumezkoen parte-hartzea; gaur egun, aldiz, ia gizonezkoen parekoa izatera pasa da. Edonola, saio motatik motara jauzi handia dago ehunekotan, nahiz eta, oro har, orekatzera egin duten mota guztiek”.

Belaunaldien arteko banaketari dagokionez, “gaur egun plazan dabilen bertsolari taldea adinez nahiko orekatua dela esan daiteke. Erretiroa hartuta edo hartzeko dauden bertsolariak zein 20 urte bueltakoak aritzen dira, batera, plazan”.

Lurraldetasunari dagokionez, azkenik, bi datu bildu ditu azterketak: bata, plazan aritu diren bertsolarien jatorria, lurraldeka antolatuta. Eta bestetik, antolatu diren saio guztiak, lurraldeka banatuta.

Hemen azaldutakoak eta askoz datu gehiago jasotzen ditu 2022ko bertso plazaren azterketak. Txosten osoa, hemen.

Zabaldu: