(argazkia: Bertsozale Elkartea)

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia ate joka

Irailaren 24an eta 25ean izango dira lehen saioak Getxon eta Arrasaten, hurrenez hurren.

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia ekainean aurkeztu zenetik, pasa dira udako oporraldiak, eta konturatzerako hemen da udazkena eta Txapelketa bera ere. Irailaren 24an abiatuko da Getxon, baina txapelketaren hasierako suziria pizteko aurkezpen ekitaldia zehaztua zuen aurretik Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan.

Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpen ofiziala Amasa-Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Beatriz Egizabal aktoreak egin zituen gidari lanak, umore tonuz eta Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideari eman zion hitza lehenik. Azken urteotako egoera zaila ekarri zuen gogora, eta txapelketa atzeratzeko arrazoia: “Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antolatzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena” azaldu du. “Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sortzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”, gaineratu du Agotek.

Aurkezpenak asko izan zuen bertsotik: Irantzu Idoate eta Maddi Agirre aurtengo Eskolarteko txapeldunak eta txapeldunordeak, Iruñerriko bertso-eskolako Beñat Astizek eta Lide Arrietak eta Jon Maiak hartu zuten parte kantuan. Bertsolari parte-hartzaileak ere izan ziren aurkezpenean. Bestalde, Egizabalek haien lanaren zailtasuna eta garrantzia azpimarratuta, gai-jartzaile eta epaile taldeetako Idoia Anzorandiak eta Nerea Bruñok ere hartu zuten hitza.

Nerea Erbiti eta bere taldeak egindako sintonia

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia ere aurkeztu zuten atzo. Nerea Erbiti Iruñeko musikariak osatu du, bere taldearekin batera. Hementxe duzue sintonia entzungai.

Txapelketa Nagusiko informazioa jasotzen duen aldizkaria ere sortu dute deskargatzeko eta irakurtzeko moduan da jada.

Getxon eta Arrasaten, lehen saioak

Irailaren 24an eta 25ean izango dira Getxoko eta Arrasateko saioak, hurrenez hurren. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai, eta egunean bertan ere izango dira leihatilan.

Zabaldu: