(argazkia: Euskaraldia)

2022ko ikerketaren datuek Euskaraldia eraginkorra dela erakutsi dute

Ikerketaren datuek diotenez Euskaraldian parte hartu dutenen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte.

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen azken Euskaraldia, ariketaren hirugarren edizioa, eta edizio guztietan egin den bezala, edizio honek ere ikerketa lan sakona ekarri du berarekin. Ikerketa hori azaldu eta ondorioak aurkezteko bildu dira gaur Bilbon Euskaraldiako koordinazio mahaiko kideak.

Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren enkarguz, Siadecok, norbanakoetan zein, ariguneen bitartez, entitateetan Euskaraldiak izan duen eragina aztertu du. Euskaraldiaren antolatzaileek nabarmendu dute lehen ediziotik izan dela garrantzitsua Euskaraldiaren eragina neurtzea, bai urte jakinari dagokiona, eta baita hasieratik hona gizartean egin duen ekarpena ere. Euskaraldiak, ariketa sozial berritzailea izanik, gizartean eragitea baitu helburu.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, “ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak”. Izan ere, Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k lotzen ditu rola eta jokaera; hala ere, badira, oraindik, gaitasunarekin lotzen dutenak), eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, orokorrean. Horrek dakar, besteak beste, parte-hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori, bereziki azpimarratzeko datua da koordinazio mahaiko kideen ustetan.

Siadeco entitateko Jon Arrugaetak eta Unai Oiartzunek ikerketaren inguruko hainbat datu aurkeztu dituzte. Metodologiari dagokionez argitu dute, aurreko ikerketak bezala, 2022ko edizioak ere bi zati dituela: lehendabizikoan, Euskaraldian izena emandako norbanakoen eta entitateen unibertso osoari buruzko datuak aztertu dira, izen-ematearen datu kuantitatiboak ezagutzeko. Bigarrenean, lagin bidezko inkestetatik eta informazio kualitatiboa jasotzeko teknikak erabiliz jaso da informazioa, Euskaraldiaren eraginaren azterketa sakonagoa egiteko.

Euskaraldian izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022ko ariketan 158.440 lagunek eman zuten berariaz izena (estreinakoz edo berrespen bidez). Horietatik % 77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta % 22,4k, berriz, belarriprest rola. Aurreko edizioekiko % 11,1eko jaitsiera erakutsiko lukete datu horiek. Gazteen izen-emateak egin du bereziki behera eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakasta gehien iazko Euskaraldiak, % 34,4 dira adin tarte horretakoak. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

Iazko parte-hartzaile gehienek (% 81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu dute. Rola aldatu dutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin dute gehienek.

Entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira, Euskal Herri osoan, 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Horrek esan nahi du, 2020arekin alderatuta, entitateen izen-emateak %3,6 egin duela gora. Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan, proportzionalki handiagoa da entitateen izen-ematea; 10 entitatetik 5 baino gehiago (% 56,8) hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoan kokatzen diren udalerrietakoak dira.

Euskaraldiak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, harreman-mota guztietan (ariguneetako kideen arteko harremanetan, bezero/herritar/bazkideekin harremanetan, hornitzaileekin…), Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera-datuak altuagoak dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoa 6 eta 13 puntu bitarte igo da. Euskaraldiaren ondoren ere datuak ariketa aurretik baino altuagoak mantentzen dira (4 eta 7 puntu bitarteko igoerarekin).

Euskaraldia eraginkorra da

Miren Dobaran sailburuordeak azaldu duenez, “Euskaraldia eraginkorra da, eta hala erakusten dute datuek. Euskaraldia, beraz, tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko”.

Eraginak, hala ere, badu inguruarekin zerikusia; izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, aldaketa handiagoa izan da.

Ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa, hala, % 44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.

Entitateen kasuan, Euskaraldia amaitu eta handik ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak; parte hartutako entitateen ia heren batek lortu du hizkuntza-ohiturak aldatzea.

Javier Arakama Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileak aipatu du ekimen masibo honen garrantzia, izan ere, aurretik aipatuta datuek izen-ematean jaitsiera erakusten badute ere, edizio guztietan 150.000 izen ematetik gora egon dira, eta “hori asko da”. Arakamak esan duenez, 2022 honetan ariketak aurreko edizioetan baino inpaktu txikiagoa izan duela uste dute norbanako zein entitateetako solaskideek.

Baina, aldi berean, lortzen da hizkuntza-ohiturak aldatu eta mantentzea, eta ariketak laguntzen du euskaraz erosoago aritzeko aukerak sortzen. Euskaraldia baliagarria da, baita ere, euskara agendan eta iruditerian kokatzeko, eta hala diote norbanako eta entitateetako arduradunek. “Mesedegarria da, ikerketak aipatzen duenez, egunerokoan euskara gutxi erabiltzen duten partaideentzat; euskara gehiago erabiltzeko aukera ematen die, Euskaraldiak dirauen bitartean ez ezik baita ariketa bukatu ondoren ere”.

Entitateen alorrean, ariguneek babesa eskaintzen dutela ondorioztatzen da ikerketatik, gehiago dira taldean bakarka baino erosoago aritu direnak. Ariguneetan txapa eramatea lagungarri dela ere agertzen da ikerketan, baina, antolatzaileek, baieztapen hori norbanakoetara zabaldu dute, aurreko ikerketek ere hori bera agerrarazten baitzuten: orokorrean ariketa erosoago egiten laguntzen du txapak.

Aurrera begira

Asko dira Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak; zehazki, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza-ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela gainera. Norbanakoei dagokionez, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi dute, baina ariketak aldaketa/berrikuntza beharra duela ere gaineratu dute.

Aurrera pausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanako ezberdinekin gogoeta prozesu bat egin dute antolatzaileek. Gogoeta prozesu horretatik etorriko da, hein batean, laugarren edizioa.

Zabaldu: