(argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia)

2023rako ehun kultura jarduera baino gehiago antolatu dituzte Bizkaiko museo eta aretoetan

Bizkaiko museo eta aretoetako kultura jardueren urteko katalogoa aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Aurten Bizkaiko museo eta aretoetan eskainiko den programa anitza eta zabala dela dio Bizkaiko Foru Aldundiak, publiko guztientzat diseinatutako egitaraua da eta hamabi leku hauetan garatuko da: Arkeologi Museoa (Bilbao), Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Europako Herrien Parkea (Gernika-Lumo), Euskararen Etxea (Bilbao), La Encartada fabrika-museoa (Balmaseda), Txakolin Museoa-Txakolingunea (Bakio), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Muñatones Gaztelua, (Muskiz), Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa (Bilbao).

Katalogoak, leku bakoitzeko erakusketa iraunkorrez gain, aurten egingo diren aldi baterako hogeita hamar erakusketa baino gehiagoz, ehun jarduera baino gehiagoz eta hamabost argitalpenez osatutako programazioa jasotzen du.

2023ko berritasunen artean Rekalde Aretoak bere fatxada Iparragirre kalerantz biratuko duela azpimarratu dute, eta beste batzuen artean Eduardo Sourrouilleren, Juan Carlos Eguillorren eta Bizkaia Ertibil erakusketak antolatuko dituela. Ondare Aretoan hainbat erakusketaz gozatzeko aukera egongo da, besteak beste Jose Manuel Rozasen ibilbidea erakusten duena edo Bilboko zinema aretoetako arkitektura azaltzen duena. Euskararen Etxeak erakusketa berritua eskainiko du. Bermeoko Arrantzaleen Museoak bere 75. urteurrena ospatzeko programazio berezia eskainiko du. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan erakusketa hauek egongo dira ikusgai, besteak beste: Abangoardiako 10 emakume Bizkaian, Basques in California eta Palindromoak: Markos Gimeno, Autore Erotua erakusketa orijinala, Joseba Sarrionandiak eta Esteban Montoriok sortua. Arkeologi Museoan antolatuko diren erakusketek bisitariei monumentu megalitikoen historia, Egiptora egin ziren espedizioak, Euskal Herriko indusketak eta arte garaikidea azalduko dizkiete beste batzuen artean. Bere aldetik, Santimamiñen erakusketa bat antolatuko da eta bertan azalduko dira 1918tik aurrera egin ziren ikerketak eta bertan jaso zituzten material eta datuak erakusgai egongo dira.

Katalogoan Aldundiak urtean zehar gauzatzen dituen kultura programa bereziak ere badaude. horien artean nabarmentzekoak dira Ibilbide Historikoak (Bizkaiko historiaren eta geografiaren espazio bereziak ezagutzeko ibilbide gidatuak), Europako Ondarearen Jardunaldiak, urrian Bizkaia osoan kultura jarduerez betetako programa eskaintzen duena, La Encartada Moda ekainean, MusEkintza arte eszenikoen jaialdia eta Ibiltari erakusketa ibiltarien programa.

Guzti honetaz gain, Bizkaiko museoek eta aretoek programatzen duten ikastetxeentzako eskaintza ere jasotzen du katalogoak.

Hemen deskarga daiteke programazio osoa duen katalogoa: www.bizkaikoa.bizkaia.eus

Hamabost argitalpen berri editatuko dira

2023rako hamabost argitalpen berri editatzea aurreikusi da. Arkeologi Museoak aldi baterako erakusketaren katalogoa egingo du: Megalitoak eta Arrolako Oppidumeko gida (Arratzu, Nabarniz). Santimamiñek Santimamiñeko Kobazuloaren gida argitaratuko du. Arrantzaleen Museoak bertan egongo den erakusketaren katalogoa editatuko du: Benito Barrueta. Marrazkiak. Argitalpen berezia izango da Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena ospatzeko, eta Erdi Aroko Bermeori buruzko katalogoa ere argitaratuko da. Euskal Herria Museoak Gernika Uruguain. Fruitua hedatzen eta Palindromoak: Markos Gimeno. Autore Erotua editatuko ditu. Euskararen Etxeak Hostopostoak eta ilargi-jaia aurkeztuko du. La Encartada fabrika-museoak bi argitalpen hauek kaleratuko ditu: Istorioak ehuntzen. Ehungintza emakumeen testigantzak Cadaguaren haranean eta Etxetik (ez) ibiltzeko lanak. Genero ikuspegiak industria ondarerako. Txakolin Museoa-Txakolinguneak Istorioak txakolinarekin’ eta Txakomic: Txakolinaren istorioak argitaratuko du. El Pobaleko burdinolak Muskizko San Julian elizan grabatutako ontziak eta Euskal burdinoletatik bidaia. Luis Barreiroren (1909-1917) landa koadernoa aurkeztuko ditu.

Zabaldu: