Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa dela diote, erakundeei neurriak hartzea eskatu diete eta herritarrak salaketak jartzera animatu dituzte.
Josu Martinezen Bizkarsoro eta “Negu” kolektiboaren Negu hurbilak izan ziren iaz Euskal Herri osoko zinema aretoetan euskaraz estreinatu ziren fikziozko bi filmak. Hego Euskal Herrian, fikziozko hirugarren euskarazko pelikula bat ere estreinatu zen: David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak. Horiekin batera, haurrentzako nazioarteko hamaika film euskarara bikoiztuta estreinatu ziren, hauek Hegoaldean soilik.
Pantailak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenak eta horren partaide den Zinemak Euskaraz ekimenak 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan izan ziren estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntza aztertu dituzte, eta datuak “gordin bezain kezkagarriak” direla nabarmendu dute, “euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta, edo euskarara azpidatzita eskaini den estreinaldi kopurua ez da % 1,6ra iritsi (Hego Euskal Herrian % 2,6; Ipar Euskal Herrian % 0,4). Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, berriz, filmen % 100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filmen % 100 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan”.
Estreinaldi kopuruaz haratago, euskarak zinema aretoetan izan duen benetako pisuaz jabetzeko, filmek izaten duten emanaldi kopuruari ere erreparatu diote Zinemak Euskarazeko kideek. “Datuak aztertuta, argi geratu da erdarazkoen emanaldi kopurua askoz handiagoa izaten dela. Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan egondako ia 197.000 emanaldietatik, 166.000 gazteleraz (Hego Euskal Herrian), 29.000 frantsesez (Ipar Euskal Herrian), eta 1.800 baino gutxiago izan ziren euskaraz, emanaldi guztien % 0,9 alegia”.
Beste bi datu esanguratsu ere plazaratu ditu Pantailak Euskarazek: “batetik, Euskal Herrian ekoitzitako 15 film iritsi ziren zinema areto komertzialetara 2024an, baina horietatik 3 soilik izan ziren euskarazko ekoizpenak, eta beste bi elebidunak. Bestetik, Euskal Herrian 2024an zinemetan ikusienak izan ziren 10 filmen artean, bakar bat ere ezin izan zen euskaraz bikoiztuta edo azpititulatuta ikusi. Katalunian, berriz, 2024ko 10 pelikula ikusienetatik 6 katalanerara bikoiztu zituzten Generalitatearen hizkuntza politikei esker.
Datu hauek ezagutzera emanda, Zinemak Euskarazek adierazi duenez, “nekez uler daiteke euskaraz ez dugula kontsumitzen esaten zaigun honetan, herritarrei euskaraz bizitzeko aukerak horrela ukatzea, erdaraz kontsumitzera bideratzen gaituzte, esparru batzuetan nekez bermatzen delako gure hizkuntzaren presentzia”.
Lapurdi, Nafarroa beherea eta Zuberoan aplikagarri den araudian euskaraz kontsumitzeko eskubidearen ukazioa sistematikoa dela dio plataformak, “Frantziar Estatuko araudiak ez die euskaldunei inolako eskubiderik aitortzen”.
Nafarroari dagokionez, 18/1986 Euskarari buruzko Foru Legeak ere, III. Tituluan, erakundeek euskarazko agerkari kulturalak eta ikus-entzunezko ekoizpenak babestu eta sustatu behar dituztela dio, eta Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak ere, bere 12.c artikuluan dio Estatuei dagokiela «beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da».
Azkenik, EAEko 10/1982 Legeak, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa, bere hirugarren kapituluan (Euskararen erabilera hedabideetan) dio «Jaurlaritzak neurriak hartuko dituela bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino» besteak beste, «zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan» (25. artikulua). “Horiek horrela, argi dago euskaraz kontsumitzeko eskubidea blindatzetik urrun gaudela oraindik”.
Euskarak baliabideak behar ditu
Hizkuntz Eskubideen Behatokia eta Pantailak Euskarazen ustez, “erakunde publikoen ardura da herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan ere babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, horretarako eskumenak baitituzte, eta baita euskarazko ekoizpen, bikoizketa, eta azpidatziei bideraturiko baliabideak biderkatzea ere. Are gehiago orain, Zinematografiarako diru-funtsen konpetentzia EAEk eskuratu ondoren. Beraz, kontsumitzaile erabiltzaileen eskubideak erregulatzen diren araudietan zinema komertzialekiko neurri zehatzak planteatzeaz ari gara”.
Iparraldean ere, bertako erakundeek dituzten eskumenen baitan, euskarazko zinemak bultzada behar duela diote, “baina euskararen aitortza juridikoa eta lege babes eskaera albo batean utzi gabe”. Izan ere, “ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diren filmak streaming plataformetara iristen dira ondoren, eta beraz, filmak euskaraz ere egotea ezinbestekoa da euskararen normalkuntzan aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko berdintasunean sakondu eta euskaraz bizitzea jendarteko esparru guztietan gauzagarri izateko”.