(argazkia: Araba Euskaraz)

2024ko Araba Euskaraz eguna ekainaren 16an izango da Olarizun, Mugaezin lelopean

2024ko festaren antolaketarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dute. Araba Euskaraz eguna ekainaren 16an ospatuko duten arren, Arabako ikastolen aldeko jaiak urte osoko egitaraua izango du.

Arabako zortzi ikastolak elkarrekin ariko dira oraingoan ere 2024ko Araba Euskaraz antolatzeko. Horrela, azken bi edizioetan martxan jarri duten ereduari jarraipena emango diote, “auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz”, adierazi dute. Azken bi urteetan bezala, Olarizun ospatuko dute datorren urtean ere, Araba Euskaraz, 2024ko ekainaren 16an.

Azaldu dutenez, “zortzi ikastoletan sortu ditugu batzordeak eta lanak banatu ditugu. Lan asko dira elkarlanean kudeatu beharrekoak. Lan horiek guztiak, bistan da, samurrago egiten dira ikastola guztiok batuta, eta denon artean koordinatuta”.

Urte osoko Araba Euskaraz

Araba Euskaraz eguna ekainaren 16an ospatuko duten arren, Arabako ikastolen aldeko jaiak urte osoko egitaraua izango du. Izan ere, “Araba Euskaraz gure lurraldeko bazter guztietara eramango dugu aurten ere, eskualde bakoitzean urtean zehar antolatuko ditugun ekimen desberdinen bitartez. Urte osoko lana aurreikusten dugu, beraz, eta Araba Euskaraz eguna urte osoari bukaera ematen dion jai eguna izango da”.

Ikastola guztien artean egingo duten auzolan honi esker, ikastolen proiektuak ezagutarazi eta bultzatu nahi dituzte. Baina, era berean, euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diete. “Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskarazen bozgorailua; euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia; eta arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea”, adierazi dute. “Guztion lana, guztion konpromisoa, ikastolen mugimenduarekiko, Arabarekiko, euskararekiko eta euskal kulturarekiko. Guztion lana eta esfortzua, ikastolen proiektuak aurrera ateratzeko”.

2024ko Araba Euskarazen antolaketarekin Oiongo San Bizente ikastola lagundu nahi dute. San Bizente ikastolaren hezkuntza proiektua ezagutzera ematearekin batera, Oionen eta Arabar Errioxan euskararen erabilpena aldarrikatzeko eta bultzatzeko, eta erabilpen eremuak zabaltzeko baliatuko dute jaia.

Leloa eta logotipoari dagokienez, Mugaezin, horrela, mugagabean, dugu 2024ko Araba Euskarazen leloa. “Mugarik gabe eta mugaezin irudikatzen dugulako gure hizkuntza. Mugarik gabe, ez bada ortzi-muga, mugarriz mugarri, euskararentzako espazio zabalagoak irekiz. Mugarik gabe, euskaraz hezi eta hazi nahi duten guztientzat”.

Hegomendebaldeko bazterretik ari dira, “bazter-herritik, euskarazko hatsa igorriz erdigunera. Baina erdigunean ere bagaude, eta indar zentripetua eragiten dugu, nafarrak eta errioxarrak, baita etorri berriak ere erakarriz gurera. Gure gogoa, borondatea eta grina ere mugaezinak dira. Duela berrogeita hamar urte, guraso, irakasle eta ikasle aitzindariek abiatutako ikastola mugimendua guztiz errotuta dago Arabar Errioxan. Urteotan guztiotan lortu dugu eskualde honetan euskaldun eta ia euskaldunak %4 izatetik %40tik gora izatera. Eta gure gogo, borondate eta grina mugaezinarekin lortuko dugu Arabar Errioxa euskalduna, Euskal Herri euskaldunean”.

Logotipoa bere aldetik, infinituaren ideian inspiratuta dago eta Arabako lurraldeko zortzi ikastolen arteko lankidetza sinbolizatzen du.

Zabaldu: