Antzoki Zaharra (argazkia: Donostia Kultura)

2026an Donostiako Antzerki sarirako epaimahai izateko deialdia zabalik da

Donostia Kulturaren webgunean eta www.donostiaeuskaraz.eus helbidean izena eman ahal izango da abenduaren 19ra arte.

Donostia Antzerki Saria euskarazko antzerki profesionala bultzatzeko eta indartzeko sortutako saria da. Urtero, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean antolatzen den ekitaldian, Donostian aurreko urtean euskaraz helduentzako eskaini den antzezlan onenari ematen zaio saria. Irabazlea erabakitzea epaimahaiaren esku geratzen da. Epaimahaia publikoaren 3 ordezkarik eta hiru adituk osatzen dute. Publikoaren ordezkaria izan nahi duenak www.donostiaeuskaraz.eus webgunean izena eman beharko du abenduaren 19ra arte.

Izena eman dutenen artean hiru pertsona aukeratuko dira egingo den zozketa bidez. Deialdian parte hartu ahal izateko, hainbat baldintza bete behar dira: 2026/01/01erako 18 urte beteta izatea; donostiarra izatea; euskara jakitea; antzezlan guztiak ikusteko konpromisoa hartzea; eta epaimahaikideek ez dute inolako partaidetzarik edota harreman zuzenik izango sarian parte hartuko duten ikuskizunekin edota konpainiekin.

Epaimahaikideek Donostia Kulturak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatutako XXVII. Donostia Antzerki Sariko antzezlanak ikusi beharko dituzte 2026an zehar (18-20 bat antzezlan) eta bakoitzaren balorazioa egin. 2027ko urtearen hasieran gainerako epaimahaikideekin elkartu eta adostu beharko dute zein izango den lan irabazlea.

Epaimahaikide izateak ere badu saria, 2026an ez ezik, 2027an ere Donostia Antzerki Saria dela eta, hirian eskaintzen diren helduentzako euskarazko antzezlan guztietarako bi sarrera jasoko baitituzte.

Zabaldu:

Utzi erantzuna