Hitzekin da hautatutako leloa, AEK-ren arabera, “euskara hitzetik ekintzetara eramateko unea da”.
AEK eta Korrikaren arduradunek Korrikaren 22. edizioa aurkeztu dute gaur Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian. Azaldu dutenez, “2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta”.
Guztira hamaika egun izango dira, eta 2.500 kilometro inguru egin ostean, “Gipuzkoako hiriburuan bertan jakingo da Korrikaren sekreturik handienetakoa: lekuko barruan milaka kilometro egin dituen mezua”.
Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiaren esanetan, “egun, Korrikak jaiotzetik izan dituen bi helburuak oso bizirik daude oraindik: euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea”. Lehendabizikoaren gainean, “AEK-n jakitun gara pandemiak errotik ezabatu duela euskara plazatik zein askoren bizitzatik; eta, beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Korrikak dakarren euskararen aldeko uholdea berreskuratzea”.
Bestetik, diru-bilketari dagokionez, eta aurrerapausoak eman diren arren, “administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak”, dio Iribarrenek, “eta ezinbestekoa da Euskal Herri osoak nahitaezkoa duen helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea”. Hori dela eta, 22. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoko bere euskaltegiei laguntzeko baliatuko du AEK-k.
Hitzekin
Korrikaren beraren mamiari erreparatuta, Aitziber Balantzategi AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak eman ditu azalpenak. “Hitzekin da edizio honetako leloa. Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Ekiteko ordua da: euskara hitzetik ekintzara eramateko unea”. Hala dio 22. Korrikako mezuak. “Aldekotasunik konpromisora” jo behar dela dio Balantzategik, “eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko”.
Horren adibide argia izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Korrikaren edizio honetako omenduak. Hala erabaki dute AEK-ko kideek, Balantzategiren esanetan, “beren 34 urteko ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik; eta orainaldiari eta etorkizunari begira dauden eragileak direlako”. Euskararen transmisiorako izan duten rolean ere jarri du azpimarra Balantzategik, “azken batean, haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute, eta zuzeneko eragina izan dute ume eta guraso askok euskararen hautua egin dezaten. Haiek, haien hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote”.