Barru, barren, barrene erakusketak Antonio Menchen, Ion Arregi, Martin Ferran, Koenraad Van den Driessche eta Nestor Basterretxearen artelanak bildu ditu Arriarango urtegiko Basterretxearen eskultura erraldoiaren barneko areto batean.
Eremuak deituriko proiektuaren barruan kokatu dute uztailaren 14ra arte ikusgai egongo den erakusketa hau. Eremuak, praktika artistikoen testuingurua euskal esparruan inplementatzeko prestatutako espazioa da. Helburu nagusia artista eta sortzaileentzat plataforma bat eskaintzea eta errealitate artistikoko behatoki gisa funtzionatzen duen lantokia prestatzea da. Halaber, eztabaidarako gunea sortzen laguntzea da artearen inguruko politika publikoak eta kulturaren arloko jarduera garaikideentzat garrantzia duten beste gai batzuk jorratzeko, hitzaldi, mintegi edota lan-mahaien bidez.
Hartara, erakusketaren osagarri, ekainaren 21ean, Barru, barren, barrene eta Harriak programa Beasainen hitzaldia eskainiko du Nader Koochakirek, arratsaldeko 19:00etan Igartzako jauregian eta Uztailaren 4an Antonio Menchenek Arbeiter verlassen die Fabrik (1995 Farocki) proiekzioan eta solasaldian parte hartuko du Igartzako jauregian 19:00etan. Uztailaren 6an azkenik, 9:30ean, Harriak entzuten behe kretazikoa geo ibilaldia izango da Koenraad Van den Driesscherekin Arriarango urtegian bertan.
Erakusketa ostiral, larunbat eta igandetan egongo da zabalik 10:00etatik 13:30era. Astean zehar berriz, aldez aurretik txanda eskatuta egin ahal izango da bisita.