'Handia' da gaur egun plataforman dauden euskarazko filmetako bat

Altzoko Handiari buruzko liburua ondu du Luis Angel Sanchezek

XIX. mendearen erdialdera Europan bizi izan zen erraldoirik ezagunena aztertzen du Luis Angel Sanchez (Madril, 1962) Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta historian doktoreak Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan izeneko liburuan.

Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861). Ziurrenik 2,42 metro garai izatera heldu zela azaltzen du Sanchezek liburuan eta, hala, “sekula izan den herritar euskaldunik garaiena da”.

Liburu honen bitartez, egileak sakon ezagutu nahi izan du pertsonaia, asmakeriak eta kondairazko datuak alboratuta. Aurkezten duen informazioaren zatirik handiena argitaragabea da, gainera. Erraldoiaren errepresentazio grafiko batzuk ere lehen aldiz editatu dira.

Egileak artxiboetako material ugari berrikusi du, eta, horri esker, hasteko, familiaren errealitatea ezagutu ahal izan du. Egoera ekonomiko erosoa zutela egiaztatu du. Izan ere, Migel Joakinen aitak Altzoko bi baserri jaso zituen oinordetzan.

Europako hemeroteka fisiko eta birtualak aztertu ondoren, egin zituen bidaia eta erakustaldietako asko dokumentatu ditu. “Pertsonaia zinez interesgarri bat erakusten zaigu, urrun dagoena topikoek deskribatzen duten pertsona triste, manipulagarri eta Ipintza baserrira itzultzeko irrikaz dagoen hartatik”.

Kapitulu bat ematen zaio Migel Joakinek zuen gaixotasunaren ondorioak azaltzeari. Gaixotasun horri, adinaren arabera, akromegalia deitzen zaio.

Azpimarratzen da gezurrezkoak direla hura pertsonaia baldar eta ia inozotzat aurkezten duten testigantzak. Haren izaeraren eta jarduteko moduaren ezaugarri batzuk akromegaliari lotzen zaizkion bigarren mailako gaixotasunen zuzeneko ondorio dira, baina ez diote inondik ere adimenari eragiten.

Egileak haren testamentuen edukia eta heriotzaren nondik norakoak aztertu ditu, eta gorpuarekin gertatu zenari buruzko hipotesi bat aurkezten du.

Azkenik, eta Handia film ospetsuaren kalitate zinematografikoa aitortzen badu ere, haren edukiaren zenbait alderdi kritikatzen ditu.

Altzoko Handia. Euskaldun mitiko bat (nahiz guztiz erreala) XIX. mendeko Europan liburua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak argitaratu du. Mila ale kaleratu dituzte; erdiak, euskaraz, eta beste erdiak, gaztelaniaz. Donostiako liburu azokan jarriko dute salgai, ekainaren 28an eta baita liburu dendetan ere. Jendaurreko salmenta prezioa 15 eurokoa izango da. Egileak Gipuzkoako artxiboetako dokumentazioa erabili du iturri gisa.

Zabaldu: