‘24 Ordu Digitalean’ lehiaketa antolatu dute azaroaren 5erako, Elorrion

Arratsaldeko 17:00etan antolatzaileek gaia proposatuko dute Elorrioko Arriola antzokian, eta 24 orduren buruan, parte hartzaileek sortutako film laburrak antzokian bertan aurkeztu beharko dituzte.

Multimedia eta ikus-entzunezkoak gustuko dutenei beste aukera bat emateko asmoz, 24 Ordu Digitalean izeneko formula berria jarri zuen abian Elorrioko Arriola antzokiak duela urte batzuk. Lehiaketa honetan lanak 24 orduren buruan sortu behar dira: oinarri zehatz batzuetatik abiatutako istorioa asmatu, grabatu, editatu eta esportatu.

Jaialdiaren helburua bestalde, lan-taldeak sortzea eta hauek teknologia berriak erabiltzea ere bada. Antolatzaileen arabera, “sormenak, originaltasunak, ideia trebetasunak eta istorioen osaketak emaitza liluragarriak eskaintzen dituzte beti”.

Lehiaketaren oinarrietan azaltzen denez, film laburretan esaldi, objektu eta gai zehatz bat agertu behar dira, hain zuzen, aurretik antolatzaileek proposatuko dituztenak. Informazio hau guztia lehiaketa hasten den momentuan bertan emango zaie parte-hartzaileei, azaroaren 5ean, arratsaldeko 17:00etan, Arriola antzokian.

Eskatutako denboran talde bakoitzak bere burua nahierara antolatu beharko du produktua bukatu eta entregatzeko beharrezkoak diren eginbehar artistiko zein tekniko guztiak estaltzeko.

Euskal Herri osotik datoz parte hartzaileak, batez ere Durangaldetik, batzuk aurreko edizioetan parte hartu izan dute eta beste batzuentzat lehiaketa batean parte-hartzen duten lehen aldia izan ohi da. Era batera edo bestera, ongi pasatzeko aukera paregabea dela diote Arriola antzokiko kideek.

Film laburren emanaldiak azaroaren 6an gaueko 20:00etan izango dira. Emanaldia amaitu eta sari banaketa egingo da.

Izena emateko 24ordu@arriolaka.eu

Zabaldu: