Hatortxu Rockek Aske jaialdiari pasa dio lekukoa. Abenduaren 27an izango du lehen edizioa Atarrabian.
“Gorputz eta buru nekatuekin, baina bihotzak pozez puztuta” amaitu dute 30. eta azken Hatortxu Rock jaialdia. “Jaiotze injustu batetik loratu den elkartasun jaialdia” da Hatortxu Rock eta azken egunotan eman diote merezitako agurra Lakuntzan.
25.000 lagunekin batera egin dute despedida, “25.000 lagunekin batera aldarrikatu dugu etxean nahi ditugula euskal preso, iheslari eta deportatu politikoan. Etxean, eta modu duinean. Konponbiderako bidean aurrera egitea dela sinistuta”.
Aldarrikapenerako uneak izan dira jaialdia iraun duen egunetan, baita dantzatzeko, kantatzeko, gozatzeko eta ospatzeko ere. “26 urte eta 30 ediziotako lanak sortutako harrotasunak eta ilusioak eman baitigu indarra dimentsio hain handietako jaialdia antolatzeko. Lan hori, baina, ez du formula sekreturik: auzolana da gure tresna nagusia. 7.049 txanda betetzeko erronka luzatu genion Euskal Herriari. Eta ez dugu hutsik egin. Mila esker bihotzez petoa jantzi duzuen guztioi. Herri honek, elkarrekin jardun geroz, edozer posible duenaren froga izan da egunotako. Auzolanaren herria gara”.
Lau helburu jarri zizkioten azken edizioari: “Hatortxuk agur esatea, urte luze hauetan bidelagun izan ditugun guztiei eskerrak ematea, auzolanaren aldarria lau haizetara zabaltzea eta ospakizun erraldoi bat antolatzea”.
Lau egunetan zehar giro ederra egon da jaigunean zein Lakuntzan. Hala eta guztiz ere, jaialdian hainbat eraso matxista izan direla nabarmendu nahi izan dute, “halako jarrerek gurean tokirik ez dutela gogoratzeaz gain, emandako erantzun publikoa eta aurrez egindako prebentzio lana jarri nahiko genuke balioan. Autodefentsa feministaren aldarria gure egin eta praktikan jarri dugu, denontzako gune seguru bat eraikitzea helburu izanda”. Bide horretan sakontzeko, 2017ko ediziotik hona lan handia egin dutela azpimarratu dute, eta antolakuntzan bertan sortutako giroak indarra eman die aurrera begira lanean jarraitzeko.
Hatortxuk agur dio, amestutako agurra egi bihurtuta. Atzoko ekitaldian azaldu zuten moduan, “gure jendearen askatasuna aldarrikatzetik gatoz. Bihartik aurrera, aske izateko jaio esatera igoko gara oholtzara”. Abenduaren 27an berriz egingo dugu topo Atarrabian, Aske izeneko jaialdi berrian.