‘30 emakume ahaztezin’ erakusketa paratu dute Bilboko Erriberako merkatuan

Elena Ciordia artistak Euskal Herriaren historiako emakumeak erretratatu ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu direnak: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika… Artelan horiekin batera beste ikus-entzunezko material eta elementu batzuk ere daude ikusgai erakusketan.

Gasteizko Abastos azokatik pasatu ondoren, 30 emakume ahaztezin erakusketa Bilboko Erriberako merkatuan ikusgai egongo da irailera arte. Erakusketa Emakundek antolatu du, eta hogeita hamar akuarela biltzen ditu. Horietan, Elena Ciordia artistak Euskal Herriaren historiako emakumeak erretratatzen ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu direnak: literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika… Artelan horiek beste ikus-entzunezko material eta elementu batzuekin osatzen dira, emakume horien bizitzari buruzko informazioa zabalagoa eskainiz.

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidaren hitzetan, “luzaroan izan duten aitortza faltak ikusezin bihurtu ditu kasu askotan emakumeak, mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duten arren. Erakusketa honek guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak, baina, aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzari eustea ahalbidetu dutenak ere omendu nahi ditu”.

Hala, historiako beste emakume asko izendatuak eta omenduak izatea merezi dutela jakinik, erakusketak espazio bat ere bihurtu nahi du, herritarrek euren ekarpena egin dezaten beste emakume batzuen oroimena berreskuratuz. Helburu horrekin, erakusketak bisitariei emakumeen izen gehiago ematea proposatzen die: edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak, beren herrietako erreferenteak diren emakumeak, baita haien familietakoak ere, eta beren historia kontatzen dutenak. Ekarpen hori #mujeresinolvidables edota #emakumeahazezinak traolak erabiliz egin ahal izango da sare sozialetan.

Emakundek argitaratutako 30 emakume ahaztezin liburuan ere jasota daude erakusketako emakumeak.

Zabaldu: