30 filmek osatuko dute 2019ko Ikuspuntu jaialdiko Sail Ofiziala

18 herrialdetako 30 film bildu dituzte Ikuspuntu jaialdiko 13. edizioko Sail Ofizialean parte hartzeko. 2019ko martxoaren 11tik 16ra bitartean egingo da ekimena Iruñean, eta Sail Ofizialeko 30 filmetatik 29 egongo dira lehian.

Aurtengo edizioa bestalde, orain arteko nazioartekoena izango dela diote arduradunek. Herrialde hauetako filmak egongo dira ikusgai: Euskal Herria, Kanada, Txile, Argentina, Alemania, Ingalaterra, AEBak, Irlanda, Indonesia, Belgika, Zambia, Frantzia, Dominikar Errepublika, Uzbekistan, Mexiko, Iran, Espainia, Portugal eta India. Gaiak berriz askotarikoak izango dira: memoriaren eraikuntza, soinuaren esplorazioa, amatasunaren eta sorkuntza garaikidearen arteko erlazioa, edo erretratuaren kontzeptua, besteak beste.

Antolatzaileek iragarri dutenez, zinema garaikideko hainbat zinemagile handi bilduko dira Sail Ofizialean, hala nola Deborah Stratman, Robert Beavers, Eduardo Williams, Luke Fowler eta Ute Aurand. Hautaketa prozesuan Nuria Cubas, Matías Piñeiro, María Palacios Cruz, Miguel Zozaya eta Garbiñe Ortega programagileek parte hartu dute.

Sail Ofizialeko lanen artean, bi euskal zinemagileren lanak izango dira: Laida Lertxundiren Words, Planets filma; eta Jorge Moneoren, Orbainak. Film Labur Onenaren sarirako lehian izango dira biak.

Zabaldu: