32 euskal artisten bizipenak #ResiliART erakusketa birtualean

Erakusketak deseskalatzearen lehem faseetan sortutako lanak biltzen ditu, bizitakoa kontuan hartuta. Maiatzaren 28an, osteguna, inauguratuko da arratsaldeko 20: 00etan www.artgia.com gunean.

Jendarte osoaren zirkulazio askea mugatzen duen konfinamenduak adierazpen artistikoaren bidez garatu eta komunikatzeko beharra indartu du. Errealitate hori agerian geratu da ARTgia Sorgune & Aretoak egindako bigarren deialdi birtualean; oraingoan, Unesco Etxearen laguntzarekin, Erresilientzia sormen mundutik aztertzen duen lagin bat proposatu dute. Euskal Herri osoko artisten 32 lan hautatu dituzte. “Deialdi publiko berri bat egiteko gogo handia geneukan, deseskalatze fase berri honetara bideratuta eta oraingoan ikuspegi baikor batetik begiratuta, Euskal Herrian sortzen dena erakutsi eta erakusteko gogoa duten hemengo artistei irekia. Tokiko lupa altxatuz, kontzeptuari zentzu zabalago eta irekiago bat eman nahi izan diogu” azaldu dute.

Bi kolektiboek adierazi dutenez, euren arteko batasuna eta apustua beharrezkoak izan dira deialdi berri honen gastuak arintzeko. “Deialdia bat egiteak beti du kostu ekonomiko bat, nahiz eta erakusketa birtuala izan. Lankidetzaren alde egin nahi izan dugu, gizartea aberasten, eraldatzen eta hobetzen duten balioak defendatzearen alde. Erakusketa bi arrazoirengatik eraman behar da aurrera: batetik, horrelako une historiko batean adierazpen-premia nabarmena dagoelako, eta, bestetik, kulturak bizi duen egoera larria ere agerian utzi behar delako, krisialdi batetik irten gabe, bete-betean beste batean sartu baita”, azaldu dute Begoña Lopez de Aberasturik eta Irantzu Lekuek.

Webgunea aukeratutako artisten ibilbideak, sorkuntzak eta hausnarketak erakusteko tresna izango da. Horretaz gain, publikoen interakzioa ahalbidetzen du eta haien obren online salmenta sustatzeko ere balioko du. “Jendearengana iristeko metodo berri bat da. Berrikuntza eta egokitzapen etengabea eguneroko ogia da eta horrela jarraituko du gizarte likido honetan” diote.

Aukeratuak izan diren lanek “introspekziora, identitatera, sentimenduetara… mundu bat irekitzen dute, Garapen Jasangarriaren Helburuetan oinarritutako mezuekin, erresilientzia hautu gisa. Gizakiaren ezaugarrietan zentratzen da, hala nola moldagarritasunean edo gainditze prozesuan”.

ARTgia aretoko beteranoek #ResiliaART erakusketaren formatu birtualarekin bat egin dute oraingoan; tartean, Sara Berasaluce argazkilaria eta Eduardo Altsasua artista daude. Horiez gain, beste hamasei arabar, zazpi bizkaitar, bi gipuzkoar, lau nafar eta lapurtar bat daude aukeratutakoen artean.

Hautatukoen artean askotariko lanak, teknikak eta belaunaldiak daude. Txaro Marañon artista zeramikaria edota Eider Iturriaga argazkilaria, besteak beste. “#ResiliART publiko berrietara iristea izan du xede, sarean agertzen diren artista horien guztien nahiei, borondateei, analisiei, inpotentziei eta abarrei irekitako leiho bat da, non helburua pentsamendu kronikoa sustatzea den.

Zabaldu: