900 film baino gehiago jaso dira, hainbat herrialdetakoak. Denak bat datoz jaialdiaren espirituarekin: “errealitatea hautematea ikuspuntu independente eta beharrezko batetik”.
Hogei herrialdetako hogeita hamabi film lehiatuko dira 2021eko martxoaren 15etik 20ra bitartean Iruñean egingo den Ikuspuntu jaialdiaren Sail Ofizialean. Jaso diren 900 film ingurutik 6 film luze eta 26 film labur aukeratu dira.
Jaialdiaren aurtengo Sail Ofizialak hamar programa izango ditu, askotariko gaietan arakatuko dutenak: hala nola egunerokotasunaren eta etxekotasunaren behaketa, paisaia eta psikogeografiak, historiari buruzko gogoetak, genero indarkeria eta musika esperimentaleko emakume konpositoreak. Gainera, argazki eta dokumentu artxiboak erabiltzeagatik nabarmentzen diren pelikulak ere proiektatuko dira. Nuria Cubas, Maria Palacios, Matias Piñeiro, Miguel Zozaya eta Garbiñe Ortega arduratu dira Sail Ofizialaren programazioaz.
900 film baino gehiago jaso dira, hainbat herrialdetakoak: besteak beste, Nigeria, India, Japonia, AEB, Erresuma Batua, Estatu espainiarra, Belgika eta Mexiko. Denak bat datoz jaialdiaren espirituarekin: “errealitatea hautematea ikuspuntu independente eta beharrezko batetik”.
Aurreko edizioetan izan diren hainbat zinemagile itzuliko dira edizio honetara ere: Ana Vaz (Apiyemiyeki? lanarekin Ikuspunturen azken edizioan film onenari emandako Sari Nagusia irabazi zuena), Morgan Quaintance (Early years, 2020), Eva Giolo (A Tongue Called Mother, 2020), Jorge Moneo (Orbainak, 2019), Ute Aurand (Lisa, 2019), iazko argitalpenaren protagonistetako bat ere izan zena (Meditaciones sobre el presente. Ute Aurand, Helga Fanderl, Jeannette Muñoz eta Renate Sami), Mike Hoolboom (We Make Couples lanarekin 2017an Sail Ofizialerako hautatua izan zena), edo Miranda Pennel (The Host filmarekin Ikuspunturen 2017ko edizioan film onenari emandako Sari Nagusia irabazi zuena).