(argazkia: Donostiako Udala)

36. Gazte Antzerki Topaketa maiatzaren 14tik ekainaren 13ra izango da Donostian

Topaketaren xede nagusia antzerkia eta gazteen arteko harremana sustatzea da.

Donostiako Udalak Gazteen Antzerki Topaketa antolatu du, maiatzaren 14tik ekainaren 13ra bitartean. 36. edizioa izango da aurtengoa eta egitarauak 19 antzezlanen emanaldiak jasotzen ditu.

Ekimenak gazteen artean antzerkia sustatzea du helburu. Hala, 14 eta 30 urte bitarteko gazteen topaketa honetan parte hartzaileek hiriko hainbat agertokitan antzezteko aukera izango dute: Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, Antzoki Zaharrean, Gazteszenan (Egiako Kultur Etxea), Lugaritz Kultur Etxean (Antigua), Intxaurrondo Kultur Etxean eta Kontadores Gazte Zentroan (Bidebieta).

Antolatzaileen azaldu dutenez, topaketaren xede nagusia antzerkia eta gazteen arteko harremana sustatzea da. Izan ere, “antzezle edota publiko izateko aukera dute emanaldietan”. Era berean, “gazteriaren artean kultura ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi dugu, eta baita haien sortzeko gaitasuna ere”.

Gainera, topaketaren bitartez parte hartzaileen kultur ekoizpenaren berri ematen da, antolatzaileen hedapen kanalei eta espresuki topaketetarako sortutako materialei esker.

Ekoizpen propioak eta klasikoak

Ekoizpen propioak nahiz klasikoak ikusi ahal izango dira; eta balorazioaz Kimetz Etxabe, Irati Muñoz eta Eider Villalba aktoreak arduratuko dira. Sari banaketa ekainaren 14an izango da Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan.

Sarrerak salgai daude jada Donostia Kulturako webgunean eta obra bakoitza antzeztuko den espazioaren leihatilan.

Zabaldu:

Utzi erantzuna