(argazkia: Mazoka)

[BIDEOA] V. Mazoka abenduaren 20an, 21ean eta 22an izango da, Gasteizen

Mazoka 2019ko abenduaren 20an, 21ean eta 22an izango da, eta Erdi Aroko hiriguneko hainbat eremu historiko hartuko ditu.

Gasteizko marrazki azokak bost urte beteko ditu aurten, eta urte-amaiera paregabea prestatu du, marrazketaren, artearen eta aisialdi kulturalaren inguruko ospakizun eta jarduerez betea, herritar guztientzat. Mazoka 2019ko abenduaren 20an, 21ean eta 22an izango da, eta Erdi Aroko hiriguneko hainbat eremu ikoniko eta historiko hartuko ditu.

Ohiko merkatua Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian izango da. Bertan, hautatuak izan diren 40 mazokalarien sormenaz zuzenean gozatu ahal izango dutela diote antolatzaileek. Horretaz gain, ilustratzaile eta artista bisual horien lanak eskuratu ahal izango dira: jatorrizkoak, kopiak edo opariak, formatu guztietan.

Aurten, merkatuaz gain, GoiuriI jauregian, Mazoka karta-sorta ikusi ahal izango dugu, formatu erraldoian, lau mazokalari ohi ospetsuk egina.

Ilustrazioaren, jokoaren, eszenografiaren eta antzerkiaren inguruko haurrentzako tailerrek egoitza estreinatuko dute: Bibat museoa. Bertan, bisita gidatu oso bereziak dauzkate programatuta; besteak beste, Antonio Altarriba komiki-gidoilari sarituak eskainitakoa.

Honako hauek ere osatuko dute egitaraua: magia-ikuskizunak, objektu-liburuari edo ilustrazioaren hastapenei buruzko helduentzako tailerrak, hitzaldiak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta sinadura-mahaiak, ilustramatoi tradizionala (barruan marrazkilari bat duen kartoizko tresna), dibuteka eta photocall ilustratua.

Aurten musika entzuteko aukera ere egongo da: Ali Ensamble hari- eta piano-orkestra txikiaren kontzertu bat, Julio Verneren nobeletako jatorrizko ilustrazioetan oinarritutakoa; eta gaueko urtebetetze-festa. Honetan, bi musika-emanaldi eta zuzeneko marrazketa-saioa izango dira: Miren Narbaiza MICEren eta Rata Jones DJ gasteiztarraren euskarazko rock proiektu berria aurkeztuko da.

Antolatzaileek aitortu dutenez, “sinesgaitza da” bosgarren ediziora iritsi izana. “Benetan bizkorgarria da ikustea proiektua nola handitzen ari den eta sektorearentzat eta etxeko nahiz oso urruneko lankide ilustratzaileentzat erreferentzia nola bihurtu den. Baina aberasgarriena eta eragingarriena da egiaztatzea merkatu xume hau martxan jartzean genuen asmo handiko helburu hura betetzen ari dela; alegia, ilustrazioa herritarrengandik gero eta hurbilago dago, argitaletxeen esparruaz harago, eta, batez ere, marrazketa gero eta garrantzitsuagoa da mintzatzeko bitarteko gisa”. Izan ere, gero eta eragile kultural eta espazio gehiagok osatzen dute Mazoka, eta marrazketaren festa noiz iritsiko zain egoten da jende asko, bai ingurukoak, bai bide batez hiria ezagutzera etortzen direnak.

Zabaldu: